Politika -

Kosten Legearen erreforma

Milaka etxebizitza eta hondartzetako txosna onik irtengo dira

Kosten Legearen erreformarekin, datozen 75 urteotan ez dituzte eraitsiko egun Estatuko hondartzetan dauden 3.000 bat txosna, ezta lursail publikoetan eraikitako milaka etxebizitza ere.

Soraya Saez de Santamaria eta Miguel Arias Cañete, prentsaurrekoan. EFE
Soraya Saez de Santamaria eta Miguel Arias Cañete, prentsaurrekoan.
Soraya Saez de Santamaria eta Miguel Arias Cañete, prentsaurrekoan. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako hondartzetan egun dauden 3.000 bat txosna eta lursail publikoetan eraikitako milaka etxebizitza eraistetik salbatuko ditu, 75 urtez, ostiral honetan Ministroen Kontseiluak onartu duen Kosten Legearen erreformarako lege-proiektuak.

Soraya Saenz de Santamaria bozeramaileordeak prentsaurrekoan azaldu duenez, orain 24 urte egin zen aurreko erreforma. Saenz de Santamariaren ustez, orduan ezarritako neurriek ez dituzte ''behar bezala'' zaindu itsasertza eta ingurumena, eta ''juridikoki segurtasun-eza'' sortarazi dute.

Gaur egun, 10.000 bat etxebizitza daude lursail publikoetan eraikita, gehienak 1988ko Kosten Legea indarrean sartu aurretik eraikitakoak. Aurreko legeak horiek guztiak desjabetu zituen, eta, trukean, 30 urtetako kontzesioa eskaini zien. Lehen 1.100 kontzesioen epe-muga 2018an bukatuko da, eta eraikin horiek eraitsi egin beharko lirateke, erreforma berria indarrean sartuko ez balitz.

Hala, neurri berriak 75 urte gehiago eskaintzen dizkie dagoeneko lursail publikoetan eraikita dauden etxebizitza horiei guztiei (etxe, jatetxe eta hotelak barne). Halaber, erreformari esker, eraikin horietako jabeek berau saldu eta bertan lanak egin ahal izango dituzte, eraikinek egun duten altuera gainditzen ez badute.

Desmuntatu daitezkeen hondartzetako txosten kasuan, baimena lau urtera luzatuko dute, egun indarrean dagoen urtebeteko baimenaren aldean. Hondartzetako txosnek, Andaluzian bakarrik, 40.000 enplegu sortzen omen dituzte.

Miguel Arias Cañete Ingurumen, Landa Ingurune eta Itsas Inguruneko ministroaren hitzetan, erreformak legez kostan zeudenei egiten die mesede, eta ez da ''legez kanpoko egoerentzako amnistia''.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea