Politika -
Jardunaldiak Gasteizen
'ETAren konplizeek kontakizuna idaztea' ekiditeko eskatu du Urquijok
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria "ETAren amaiera: memoriadun kontakizuna" izeneko jardunaldien inaugurazio ekitaldian egon da, Gasteizen.
Erredakzioa
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariaren iritziz ETAren indarkeria "ahaztea" baino okerragoa da "euren konplizeek kontakizuna idaztea".
"ETAren amaiera: kontakizuna memoriarekin" izeneko jardunaldien inaugurazio ekitaldian egon da Urquijo. Gaur eta bihar ETAren indarkeriaren biktimak eta ETAren aurkako borrokaren arduradunak omenduko dituzte Gasteizen.
Gobernuaren ordezkariak "memoria selektiboa" ekiditea eskatu du eta "garbi eta ozen, izua eragin zuten arrazoiak eta horren arduradunak zeintzuk izan diren azaldu" behar dela esan du.
Kontakizuna egitea "premiazkoa" dela uste du, "ETAren indarkeriaren amaieraren lehen urteurrena oraindik bete ez denean, euren beso politikoko kideak hauteskundeetara aurkeztu baitira, eta inkestek gainera, emaitza bikainak aurreikusten dizkiete".
Bestalde, ez duela Iñigo Urkulluren alderdia "kriminalizatu" nahi esan du, baina "demokratak izanik indarkeriarekin amaitzeko gehiago egiteko ahalmena izan baina nahi izan ez zutenak" kritikatu ditu. "Noski, ardura maila ezberdinak daude, baina salaketa bera da", gaineratu du.
Goizean, Angeles Pedraza Indarkeriaren Biktimen Elkarteko presidentea, Miguel Angel Blanco Fundazioko presidentea, Mari Mar Blanco, eta Daniel Portero Dignidad y Justicia elkarteko presidentea izan dira jardunaldietan.
Azkenik, Covite EAEko Terrorismoaren Biktimen Elkarteak arratsaldean ez egotearen arrazoiak azaldu ditu, izan ere, bertan egoteko gonbita ez dutela jaso kritikatu du elkarteak.