Politika -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Espainiako Pilota Federazioaren helegitea, langabezia eta AEBko atentatuen ikerketa
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko urtarrilaren 3an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Espainiako Pilota Federazioaren helegitea: Espainiako Pilota Federazioak auzitara joko du Nazioarteko Federazioak Euskadikoaren ofizialtasuna aitortu duela eta. Horren ustez, erabakia "gehiegikeria nazionalista" da, eta hala, horren kontra epaitegietan zein Kirolaren Arbitraje Auzitegian egingo du. Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak (FIPV), pasa den abenduaren 28an Iruñean egindako biltzarrean Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza (EEPF) eskubide osoko kide izatea onartu zuen. Aipaturiko erabakiak aukera emango die euskal pilotariei nazioarteko lehiaketetan euskal selekzioarekin parte hartzeko.
- Langabezia datuak: Espainiako Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioek 2024ko langabezia datuak jakinaraziko dituzte. EAEn 603 langabe gutxiago zenbatu zituzten azaroan; Nafarroan, aldiz, 95 gehiago. Azaroan 138.077 pertsona zeuden lanik gabe Hego Euskal Herrian. Espainiako Estatuari dagokionez, behera egin zuen langabeziak (16.036 pertsona gutxiago, % 0,62), eta, guztira, 2.586.018 pertsona zeuden enplegu bulegoetan izena emanda, 2007ko azarotik kopururik txikiena.
- AEBko atentatuen ikerketa: FBI Ameriketako Estatu Batuetako Ikerketa Bulego Federalaren arabera, "ez dago loturarik" New Orleansen nahita egindako harrapaketa masiboaren eta Las Vegasen zartarazitako Tesla ibilgailuaren artean. Gainera, New Orleanseko erasoaren ustezko egileak —AEBko militar ohiak— bakarrik jardun zuela. Bestalde, Trumpen kateko Las Vegaseko hotel baten aurrean zartarazi zuen ibilgailuko gidaria AEBko soldadu bat zen, iturri ofizialen arabera.