Politika -
AUZITEGI GORENA
Miguel Angel Rodriguezek aitortu du Ayusoren bikotekidearen mezu bat filtratu zuela hedabideetara
Epailearen aurrean lekuko gisa deklaratu ondoren, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen kabineteburuak adierazi du Estatuko fiskal nagusiari "zigor eredugarria" ezarri behar zaiola. Sekretuak ezagutzera emateagatik ari dira ikertzen Alvaro Garcia Ortiz.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Miguel Angel Rodriguezek, Madrilgo Erkidegoko presidente Isabel Diaz Ayusoren kabineteburuak, aitortu du azken horren bikotekidearen mezu bat filtratu zuela hedabideetara. Zehazki, Alberto Gonzalez Amadorren (Ayusoren bikotekidea) abokatuaren eta bere kontrako auziko Julian Salto fiskalaren arteko mezu elektroniko bat zabaldu zuela onartu dio Auzitegi Goreneko epaileari.
Itxuraz, mezuan fiskalak salaketa bat jarriko zutela jakinarazi zion abokatuari, eta akordio bat erdiesteko aukera zegoela ere bazioen. Dena dela, mezuaren berri eman badu ere, Rodriguezek ez du argitu posta elektroniko hori nondik eskuratu zuen. "Hori da nik zabaldu nuen mezua, besterik ez dakit", zehaztu du, bestelako xehetasunik eman gabe.
Auzitegi Gorenean lekuko gisa deklaratu du gaur Ayusoren kabineteburuak, Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusiaren aurka zabaldutako ikerketaren ardura duen Angel Hurtado epailearen aurrean. Ia 45 minutuz eman ditu azalpenak, eta handik atera denean, atarian zain zituen hedabideen aurrean adierazpenak egin ditu. Ez du deklarazioari buruzko argibiderik eman. Soilik esan du "luzea eta errepikakorra" izan dela.
Hedabideetara filtratutako mezu elektronikoaz aritu da, eta horrekin batera, ziurtatu du ez zuela aurretik (martxoaren 2an) Ayusoren bikotekideak fiskalari igorritako postaren berririk. Hain zuzen, mezu hori izan da ikerketaren abiapuntua. Bertan, bi delitu fiskal aitortzen zituen, antza, Gonzalez Amadorrek —pandemia garaian musukoen salmentarekin 350.000 euroko iruzurra egin zuela, besteak beste—, eta akordioa ixtea eskaini zion Fiskaltzari.
Horiek esanda, Rodriguezek esan du Estatuko fiskal nagusia "epaitu" eta "zigortu" egin behar dela, "zigor eredugarria" ezarrita, "beste inork ez dezan herritar bati buruzko espedienterik zabaldu". Sekretuak ezagutzera emateagatik ari dira ikertzen Alvaro Garcia Ortiz.