Politika -

Manifestazioa Bilbon

Sarek eskatu du kartzelen eta biktima guztien arazoari "bidezko irtenbide bat" ematea, bakea lortzeko bidean

Horretarako, "salbuespenik eta bereizkeriarik gabeko espetxe politika" exijitu du Joseba Azkarraga bozeramaileak milaka lagun bildu dituen manifestazioaren amaieran.

Sareren manifestazioa
Sareren manifestazioa
Milaka lagun bildu dira Bilbon, ETAko presoen eskubideen aldeko urtarrileko manifestazioan

0:44

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare Herritarrak manifestazioa egin du larunbat arratsaldean Bilbon, euskal gatazkaren "behin betiko konponbidea" eskatzeko, "Behin betiko, bakea, konponbidea, elkarbizitza" lelopean. Plataforma horretako bozeramaile Joseba Azkarragak hartu du hitza, udaletxe aurrean, protesta bukatu eta minutu gutxira. Parte-hartzaileei eskerrak emanez hasi du berbaldia, "Bilboko kaleak ilusioz eta itxaropenez bete" dituztelako.

"Konponbidea da bizikidetzaren oinarria. Soilik horrek gerturatuko gaitu bake justu batera", esan du. "Gure aldarriak gaur hemen batu diren milaka lagunen babesa dauka, beren izenean eskubideen urraketarik, ernegaziorik eta konfrontaziorik onartuko ez duten milaka pertsonaren sostengua", azaldu du.

Jendetza Bilbon. Argazkia: EITB Media

Jendetza Bilbon. Argazkia: EITB Media

Horren harian, nabarmendu du aurrera egin behar dela: "Bultzaka jarraitu behar dugu, bidea elkarrekin eginez, eta aurrean jartzen dizkiguten trabak gaindituz".

Horretarako, "salbuespenik eta bereizkeriarik gabeko espetxe politika exijitzen dugu". Izan ere, horien hitzetan, gradu aldaketak edo baimenak ez dira berdin aplikatzen preso batzuen eta besteen artean.

"Eraiki dezagun bizikidetza autokritika kolektibotik. Ez da zilegi soilik presoei eskatzea autokritika, horien eskubideak urratzen dituztenek —tartean, Estatuak berak— egiten ez badute", adierazi du.

Azkenik, argi utzi du Sarek garbi daukala edozein indarkeria jasan duten biktimak babestu behar direla. "Iraganeko belaunaldiei zor diegu, baina batez ere etorkizunekoei, guk jaso genuena baino gizarte hobeago bat uzteko. Horretarako, bultza egin beharra dugu", erantsi du.

Pankartari eusten joan dira Ane Muguruza (estatu indarkeriaren biktima), Emilie Martin (Bakebidean), Martxelo Otamendi (kazetaria), Garazi Hach Embarek (eskubideen aldeko eusko-saharar ekintzailea), Arantza Aldezabal (EHUko irakaslea), Amaia Izko (abokatua), Eba Ferreira (Harrera), Patxi Biskert (aktorea), Jose Luis Elkoro (Bergarako alkate ohia), Rafael Larretxea (senidea), Bego Atxa (Sare) eta Joseba Azkarraga (Sare).

ETAk hil zuen Joseba Goikoetxea ertzainaren alarguna azkenean ez da manifestazioan egon, osasun arrazoiak tarteko.

Joaldunak ere batu dira manifestaziora. Argazkia: EFE

Joaldunak ere batu dira manifestaziora. Argazkia: EFE

Era berean, EH Bildu, EH Bai, Junts, ERC, CUP eta Mes Per Mallorca alderdietako ordezkariak ere izan dira manifestazioan, ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE, CGT, CNT eta Etxalde sindikatuetakoak, eta Bakebidean, Egiari Zor, Gure Esku, Paz con Dignidad, Harrera, Etxerat, Ernai, ANC, Omnium Cultural eta Kataluniako Abokatutzaren Koordinakundea elkarteenak.

Otegi, Borras eta Torra. Argazkia: EFE

Otegi, Borras eta Torra. Argazkia: EFE

Pankarta atzean, milaka pertsona bildu dira; 60.000 lagun, antolatzaileen esanetan.

Sarek gogorarazi du "erakundeen dirulaguntza oso gutxirekin" lan egiten duen elkartea dela, eta sarekideen laguntzekin eta antolatzen dituen ekitaldietan bildutakoarekin bizirauten duela. Hori horrela, "Bizumkada nazionala" deituriko kanpaina abiatu du dirua biltzeko.

Parte hartu duten erakundeetako ordezkariek bat egin dute "salbuespenik gabeko espetxe politika" eskatuta.

EH Bilduko Gorka Elejabarrietak "egiturazko behin betiko konponbidea" galdatu du. Horren iritzian, "Euskal Herriak preso politikorik gabeko agertoki bat merezi du".

Presoak "lan munduan" sartzea eskatu du LABek

LABeko koordinatzaile nagusi Igor Arroyok eskatu du ETAko presoekin lotutako "salbuespen neurri orori" amaiera ematea, eta patronalari eta erakunde publikoei galdegin die sar ditzatela presoak "lan munduan".

ELAk "salbuespen politikaren bukaera" aldarrikatu du

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak, bestalde, "salbuespen politiken" aurkako mezua zabaldu, eta "justizia errestauratibo" baten alde aurrera egiteko deia egin du, "bakea eta elkarbizitza lortzeko bidean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak Polizia abusuen biktimak