Politika -

MANIFESTAZIOA BILBON

Sare: "Esparru politikoak eta judizialak behin betiko konponbidearen eskaera entzun beharra daukate"

Sareko bozeramaileek adierazi dute 67.000 eta 70.000 pertsona artean izan zirela larunbateko manifestazioan, eta "ausardia" eskatu diote EAEko Espetxe Administrazioari, "erregimen irekiko neurriak" bultza ditzan.

Bego Atxa EITBrekin hizketan, manifestazioaren biharamunean.
Bego Atxa EITBrekin hizketan, manifestazioaren biharamunean.
Sare: ''Alderdiei eskatu nahi diegu hurrengo urtea bakerako benetako urtea izan daitela''

0:48

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagunek kartzeletako eta biktima guztien arazoari "bidezko irtenbide bat" emateko eskatu eta biharamunean, Sare herritar sarearen bozeramaileek adierazi dute "esparru politikoak eta judizialak" entzun egin beharko lieketela "behin betiko konponbidea" eskatu zuten milaka herritarrei, eta "legea bihurritzeari utzi". Gainera, "ausardia" eskatu diote EAEko Espetxe Administrazioari, "erregimen irekiko neurriak" bultza ditzan.

Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko bozeramaileek "Behin Betiko konponbidea, elkarbizitza, bakea" lelopean Sarek deitutako martxaren balorazioa egin dute igande honetan Bilbon.

Hedabideei egindako adierazpenetan, Azkarragak esan du 67.000 eta 70.000 pertsona artean izan zirela manifestazioan parte hartu zutenak, eta "kopuru ikaragarri" hori "esparru politikoan eta judizialean" kontuan hartu beharko litzatekeela gaineratu du, "euskal gizartearen zati handi batek hamarkadatan zehar iraun duen eta gure herriari sufrimendu handia eragin dion gatazkaren ondorioei behin betiko konponbidea eman behar zaiela" erakusten duelako.

"Gatazka horren ondorioak zigilatu" behar direla berretsi ostean, helburu hori lortzeko "biktimen mina manipulatzeari utzi behar" zaiola gaineratu du, eta "biktimei babesa eman eta minaren aitortza egin behar" zaiela.

Azkarragak nabarmendu duenez, "indarkeria guztien biktima guztientzat" izan behar du aitortzak; izan ere, "sufrimendu berdinaren aurrean, justiziaren jarrera eta haren neurtzeko moduak ezin du desberdina izan".

Gainera, ETAko presoen auziari "behin betiko konponbidea" bilatzeko eskatu du, "legea bihurritu gabe" eta "Estatuko kartzeletan dauden milaka eta milaka presoei" aplikatzen zaien espetxe-araudi bera aplikatuz.

Ausardia eskatu dio EAEko Espetxe Administrazioari

Sareko bozeramailea konbentzituta agertu da "konponbidea Espetxe Administrazioaren esku ere" badagoela, eta "ausardia" eskatu dio estamentu horri, "eskuinak edo eskuin muturrak esaten duenari soilik begiratu gabe" lan egin dezan, "Eusko Legebiltzarrak aspaldi onartu zuen euskal espetxe-eredua" kontuan hartuta.

"Eredu horrek, funtsean, espetxe zigor luzeak bete dituztenentzat erregimen irekiko neurrien aldeko apustua egiten du; izan ere, presoen kolektiboan gehiengoak 20 urte baino gehiago egin ditu lehen graduan, eta badaude 34 urteko espetxealdia beteta dutenak ere. Beraz, horiei euskal espetxe-eredua aplikatu beharko litzaieke, erregimen irekian, legeak eta espetxe-araudiak horretarako aukera ematen baitute", adierazi du.

Bego Atxak ere ildo beretik hitz egin du, eta 2025a "behin betiko konponbidearen urtea" izatea nahi dutela berretsi du. ''Alderdiei eskatu nahi diegu hurrengo urtea bakerako benetako urtea izan daitela'', esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak Eguneko albisteak Albisteak