Politika -
BSH-ren itxiera
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak BSHren itxieraren gaia aztertuko dute gaur
UPNk eta PPk Mikel Irujo Industria kontseilariaren agerraldia eskatu dute, enpresaren egoera eta Nafarroako Gobernuak egingo dituen gestioak azaldu ditzan. Nafarroako Gobernuak Irujo eta Maeztu kontseilarien agerraldiak eskatu ditu, gaiaren berri eman dezaten.
EITB Media
Gabonetako geldialdiaren ostean jarduerari berrekingo diote Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak, eta BSHren Ezkirotzeko lantegiaren itxiera izango da jorratuko duten gaietako bat.
UPNk eta PPk eskatu dute Mikel Irujo Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariak agerraldia egin dezan, enpresaren egoera eta Nafarroako Gobernuak egingo dituen kudeaketak azaltzeko, eta eskaera horiek tramitera onartu ala ez eztabaidatuko dute.
Gobernuak ere eskatu du Industria kontseilariaren agerraldia, baita Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariarena ere, gaiaren berri eman dezaten.
Joan den ostiralean, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea Jordi Hereu Industria ministroarekin eta Europako BSHren zuzendari arduradunekin bildu zen Madrilen, Alemaniako enpresak Ezkirotzen duen lantegia ixteko prozesua hasteko asmoa iragarri ostean. Bilera horretan, lan-mahai bat sortzea erabaki zen, egoerari heltzeko eta lantegiaren itxiera saihestu ahal izateko aukera guztiak aztertzeko.
Mikel Irujo izango da, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuaren solaskidea mahai horretan. Ezkirotzeko BSHren enpresa batzordea ere izango da mahai horretan baina oraindik ez du ordezkaria izendatu.