Politika -

MOBILIZAZIOAK

Elkarretaratzeak Donostian eta Bilbon, "Maduroren diktaduraren aurka"

Goizean Bilbon eta arratsaldean Donostian egindako protestetan, EAJko eta PPko hainbat ordezkari eta kargudun publikok ere hartu dute parte.

Hainbat pertsona Donostian, arratsaldeko kontzentrazioan. Argazkia: EFE
Hainbat pertsona Donostian, arratsaldeko kontzentrazioan. Argazkia: EFE
Maduroren ''estatu-kolpea'' salatzeko manifestatu dira Bilbon bizi diren hainbat venezuelar

0:44

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berrehun bat lagunek, tartean EAJko eta PPko ordezkariek, elkarretaratzea egin dute igande arratsaldean Donostian, Gipuzkoako Venezuelarren Elkarteak (Asovengui) deituta, "Nicolas Maduroren diktaduraren aurka" protesta egiteko eta Edmundo Gonzalez buru duen oposizioari babesa adierazteko.

Goizean, berriz, Bilbon egin du protesta Venezuelako komunitateak, 11:00etan. Dozenaka pertsona bildu dira Arriaga plazan, Bizkaiko hiriburuko venezuelarren plataformaren ekimenez, eta Donostian bezala, Bilbon ere izan dira EAJko eta PPko kideak.

Donostiako elkarretaratzea 18:00etan hasi da Alderdi Ederreko lorategietan, udaletxearen aurrean. Bertan bildutakoek Venezuelako bandera handi bat eta chavisten buruzagiaren aurkako kartelak eta Edmundo Gonzalez eta Maria Corina Machadoren aldekoak erakutsi dituzte, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiak parte har dezan eskatzeko kartelak ere ikusi dira.

Isabel Martinez Asovenguiko presidenteordeak Maduroren "estatu-kolpea" salatu du, eta Euskadin bizi den Venezuelako diasporak "Maduroren diktadura amaitu arte kalean zein sare sozialetan borrokan" jarraituko duela ziurtatu du, "herriak askatasuna berreskuratu arte".

Besteak beste, Eneko Goia Donostiako alkatea, EAJko hainbat zinegotzi, Luke Uribe-Etxebarria senatari jeltzalea, Muriel Larrea PPko legebiltzarkidea eta Jorge Mota zinegotzia egon dira elkarretaratzean.

Eneko Goia protestan bildutako venezuelarrei zuzendu zaie hiriaren babesa agertzeko, eta EAJko senatariak ere hitz egin du Madurok Venezuelako presidente gisa egindako "autoaldarrikapena" gaitzesteko.

Muriel Larrea PPko legebiltzarkide eta Gipuzkoako presidenteak ere hartu du hitza, eta esan du uztailaren 28an Edmundo Gonzalezen eta Corina Machadoren proiektuak irabazi zituela hauteskundeak Venezuelan, eta, beraz, "Gonzalez Urrutiak dagokion lekua hartu behar" duela eta herrialdeko gobernuaren buru izan.

Goizeko elkarretaratzea Bilbon. Foto: EFE

Goizeko elkarretaratzea Bilbon. Argazkia: EFE.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Bilbo Donostia Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro