Politika -
LAPURDI
Ramuntxo Labat abertzalea izango da aurrerantzean Ahetzeko auzapeza
Labaten "Ahetzen" zerrendak botoen % 44 jaso du hauteskundeen bigarren itzulian eta 14 eserleku eskuratu ditu herriko etxean. Emaitza jakinik, herritar ugarik azpimarratu du aurrerantzean Ahetzen "euskararen garaia" izango dela.
ASIER ARBELAITZ | EITB MEDIA
Lapurdin, Ahetze herrian, hauteskundeak egin dituzte alkate berria hautatzeko. Ramuntxo Labat abertzalea izanen da aurrerantzean auzapeza.
Maiatzean dimisioa eman zuten Philippe Elissalde Ahetzeko auzapezak eta hainbat zinegotzik, eta ordutik egoera ezegonkorrean egon da Udala. Pirinio Atlantikoetako prefetak hauteskundeak deitu zituen, eta lehen itzulian hiru hautagaitza igaro ziren bigarrenera.
Gaur egin da bigarren itzulia eta Ramuntxo Labaten "Ahetzen" zerrendak botoen % 44 jaso du. Hala, 14 eserleku izango ditu herriko etxean.
Bigarren zerrenda bozkatuena Ramuntxo Goyhetcheren "Ahetze Zuekin" izan da, 4 eserleku lortuz, eta hirugarren geratu da aurreko udal gobernuaren zerrendako buru zen Laetitia Guesdon-Michauden "Ahetze Bihotzean" taldeko hautagaia.
Ikusmira handia sortu du boto zenbaketak, herritar andana hurbildu da bertara. Emaitza jakinik, herritar ugarik azpimarratu du aurrerantzean Ahetzen "euskararen garaia" izango dela.
Ramuntxo Labatek bihar hartuko du Ahetzeko auzapez kargua eta 2026ko hauteskundeak arte izanen du bere jarduna burutzeko aukera.