Politika -

Sekretuak agerraraztea

Auzitegi Gorenak fiskal nagusia ikertu gisa deklaratzera deitu du urtarrilaren 29an

Alberto Gonzalez Amador Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen bikotekidearen eta Fiskaltzaren arteko mezu elektronikoak ustez ezagutarazteagatik ikertzen ari dira.

Garcia Ortiz, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Garcia Ortiz, artxiboko irudi batean
Garcia Ortiz, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak Alvaro Garcia Ortiz Espainiako fiskal nagusia ikertu gisa deklaratzera deitu du datorren urtarrilaren 29an, sekretuak agerraraztea leporatuta. Zehazki, Alberto Gonzalez Amadorri —Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen bikotekideari— buruzko informazioa ustez filtratu izanagatik ikertzen ari dira.

Pilar Rodriguez Madrilgo fiskalburuak ere ikertu gisa deklaratu beharko du urtarrilaren 30ean, ustez sekretuak ezagutarazteagatik.

Angel Luis Hurtado Auzitegi Goreneko magistratuaren arabera, badago nahiko zantzu biek ala biek Gonzalez Amadorri buruzko informazioaren filtrazioan parte hartu zutela pentsatzeko. Instrukzio epailearen esanetan, orain arteko izapideek eta Espainiako Guardia Zibilak egindako txostenek ikuspuntu hori indartu egiten dute.

Hurtado epaileak egindako autoak dioenaren arabera, Garcia Ortiz fiskal nagusia dagokion aginpideaz baliatu zen filtrazioa gauzatzeko eta bere menpeko fiskalak zeregin horretan jartzeko.

Pilar Rodriguez Fernandez fiskalari dagokionez, inputazioa mantentzeko nahikoa arrazoi badaudela uste du instrukzio epaileak. Ildo horretan, hainbat arrazoi aipatu ditu: fiskal nagusiaren esanetara jartzea, Gonzalez Amadorren espedientea Espainiako fiskal nagusiaren idazkari nagusiari eman izana, eta Gonzalez Amadorren abokatuaren eta Julian Salto Torres fiskalaren arteko mezu bat Estatuko Fiskaltza Nagusiari helaraztea, besteak beste.

Bestalde, instrukzio epaileak Diego Villafañe Diez Espainiako fiskal nagusiaren idazkari nagusia ere ikertu gisa deklaratzera deitu du, gainerako bi ikertuekin elkarlanean hirugarren bati buruzko informazioa zabaltzeko bat egin zutelakoan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Auzitegi Gorena albisteak Espainia Gaurko titularrak Albisteak Madril albisteak gaur