Politika -
III. KONGRESUA
EH Bilduk Mahai Politiko berrirako "esperientzia eta gaztetasuna" uztartzen dituen zerrenda onartu du
Egungo Mahai Politikoak gaur onartutako zerrenda 31 kidek osatzen dute, eta horietatik erdiak baino gehiago emakumeak dira. Batez besteko adina, berriz, 46 urtekoa dela aurreratu du Otegik. Igandean ezagutuko dira izen-abizenak.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
EH Bilduren Mahai Politiko berria osatuko dutenen zerrenda-proposamena onartu du gaur koalizioak, bere asteroko bileran. 31 militantek osatutako zerrenda da, eta "esperientzia eta gaztetasuna" uztartu nahi izan dituzte. Kideen batez besteko adina 46 urtekoa da, eta emakumeen kopurua orain artekoa baino handiagoa, % 56 ingurukoa.
Bileraren ondoren, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak eman du landukotako gaien berri hedabideen aurrean. Esan duenez, datorren igandean egingo da publiko Mahai Politiko berrirako onartutako zerrenda, eta orduan zabalduko da proposamen alternatiboak aurkezteko epea. Gaur onartutako 31ko izen-abizenen zerrendara "bi edo hiru izen" gehitzea ere ez du baztertu.
Jada militantziaren esku dagoen Ponentzia Politikoan jasotako ildoak "defendatzea" eta "kudeatzea" izango da zerrendakide berrien egitekoa. Otegik gogora ekarri ditu erronka nagusiak: batetik, "autonomia eredutik eratorritako harreman eredua aldatzea eta herri honentzat estatus berria eraikitzea", eta bestetik, "politika neoliberalen porrotaren aurrean bestelako politika publikoak martxan jartzea, herriaren gehiengo zabalari erantzungo diotenak". Erantsi duenez, "Euskal Herriak hirugarren eraldaketa soziala eta herritarra behar du, eta Mahai Politiko berriari egokituko zaio eraldaketa hori kudeatzea".
Joan den larunbatean Bilbon presoen eskubideen alde egindako manifestazioaren balorazioa ere egin du EH Bilduk goizeko bileran. Iraganari buruz hitz egiteari "uko egin gabe", begirada etorkizunean jarrita landu nahi du presoen afera koalizio abertzaleak. "Etorkizunak eskatzen du presoak, deportatuak eta errefuxiatuak Euskal Herrian aske bizitzea. Legedia betetzeaz eta elkarbizitza sustatzeaz ari gara".
Halaber, gaurko agerraldia EH Bai zoriontzeko ere aprobetxatu du Otegik, Ahetzen izandako garaipenagatik. "Nazio ikuspuntutik eta ezkerretik oso balorazio positiboa egiten dugu. Aitzina goaz", adierazi du.
Otsailaren 7 eta 8an egingo du bere III. Kongresua EH Bilduk, Iruñean.