Politika -

Bizkaia

Etxebarriko alkatea eta alkate ohia ikertzen ari dira 'gezurrezko polizia'ren kasuagatik

La Voz del Pueblo talde independentekoak dira biak, eta taldeak adierazi du "erabat ezustean" harrapatu dituela neurriak, alkateek kontratazio prozesuak "berretsi" besterik ez dutelako egin.

Udaltzain bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB
Udaltzain bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB
Udaltzain bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Instrukzio-epailea Iker Lopez Etxebarriko alkatea eta Loren Oliva alkate ohia ikertzen ari da, ustez titulua faltsutu zuen udaltzain baten aurka Udalak jarri zuen salaketaren harira.

Kaleratu zuten udaltzaina Etxebarriko Udalak sortu zuen lan-poltsa baten bidez iritsi zen bere lanpostura, eta hiru urtez izan zen udaltzain, ustez Arkautiko titulua faltsutu ostean.

Udalak horren aurka jarritako salaketaren harira abiatutako ikerketen ondorioz, epaileak ikerketapean jarri ditu egungo alkatea, Iker Lopez, eta alkate ohia, Loren Oliva, biak La Voz del Pueblo talde independentekoak.

La Voz del Pueblo taldekoen esanetan, "erabateko ezustekoa" izan da bi ordezkariak ikerketapean egotea, kontratazio prozesuetan "erabakietatik kanpo" egon direlako eta kontratazioa "berretsi besterik ez" dutelako egin.

Radio Euskadin egindako adierazpenetan, egungo alkateak esan du "gertatzen ari den guztiaren biktima" sentitzen direla, eta "oso lasai" daudela, "ez dugulako ezer gaizki egin".

Lopezek  argitu duenez, beraiek izan ziren, "delitua izan zitekeen edo behar bezala egin ez zen zerbait identifikatu edo detektatu bezain laster", informazioa justiziari helarazi ziotenak, iker dezaten. "Curriculum batean irregulartasun posible bat antzeman, eta gaia fiskaltzari bidali zitzaion iker zezan, eta zazpi hilabete geroago badakigu gertatutakoa ikertzen ari direla, eta hori da egokiena", azaldu du. Baina, era berean, aitortu du "ezustekoa" izan dela ikertuak beraiek izatea.

Horren hitzetan, "ez dugu ezer ezkutatzeko", eta Udaleko euren kudeaketan beti izan dutela oinarri "kontratazio, lizitazio eta gainerako erabakietatik at" mantentzea, "soilik eskatuz gauzak egin behar diren moduan eta modu egokian egitea". Azpimarratu duenez, inoiz ez dute erabaki horietan sartu nahi izan, "prozesuen emaitzak berrestetik harago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Bizkaia Eguneko albisteak Albisteak Etxebarri