Politika -

MILITANTZIARI GUTUNA

Ortuzarrek militantziari jakinarazi dio EBBko buru izaten jarraitzeko prest dagoela

"Alderdi honen esanetara nago. Afiliatuek nahi duten tokian egongo naiz. Zuena da, beraz, erabakia. Erabakitakoa ondo egongo da. Parte hartzea soilik eskatzen dizuet", esan du.

EBBren buru Andoni Ortuzar. EFEren artxiboko argazkia
EBBren buru Andoni Ortuzar
EBBren buru Andoni Ortuzar. EFEren artxiboko argazkia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek iragarri du EAJren militantziaren esanetara dagoela, eta, horrenbestez, atea ireki dio laugarren agintaldi bati, betiere afiliatuek hori erabakitzen badute. Gainera, ziurtatu du beretzat "ohorea" dela "alderdiaren esanetara" egotea.

"Alderdi honen esanetara nago. Afiliatuek nahi duten tokian egongo naiz. Zuena da, beraz, erabakia. Erabakitakoa ondo egongo da. Parte hartzea soilik eskatzen dizuet", esan du Facebook sare sozialaren bidez zabaldutako mezuan.

Ez zegoen batere argi Ortuzarrek EBBko buruzagitzan jarraituko ote zuen, baina azkenean gaur jakinarazi du laugarren agintaldi bati ekiteko prest dagoela, baldin eta "afiliatuek hori nahi badute".

Datorren astelehenean, hilaren 20an, hasiko da EBB berritzeko prozesua, lehen itzuliarekin, eta alderdiaren IX. Batzar Nagusiarekin emango diote amaiera, martxoaren 29an eta 30ean, Donostian.

Buruzagi jeltzaleak 63 urte beteko ditu uztailean, eta horietatik 12 eman ditu EAJren buruzagitzan. Argitalpenean esan duenez, isilpean gorde nahi zuen albistea, EAJren irudi publikoa babeste aldera, eta estatutuak nahiz militantziaren askatsuna babesteko. "Ez da erraza izan", aitortu du.

"EBBko kideek bazekiten zein zen nire asmoa, uztailaren 8an izan genuen bileran adierazi nielako eta iragan astelehenean berretsi nuelako. Guztiok dugun ego zatia mukuru beteta dago nire kasuan. Zinez, uste dut ezin dela zalantzan jarri nire konpromisoa eta afera abertzaleari zein jeltzaleari emandako guztia", erantsi du.

Halaber, buruzagi jeltzaleak baieztatu du duela lau urte inguruekoei adierazi ziela —alderdiak aldaketak behar zituela iritzita— ondo legokeela EBBk buru berri bat izatea.

"Gehienek, baina, kontrakoa erakutsi zidaten, eta onartu egin nuen", kontatu du.

Lanak bideratuta

Bestalde, azken hiru urteotan EAJren baitan egindako aldaketei buruz azpimarratu du agintaldian "lanak bideratzeko" balio izan dutela.

Horrela, nabarmendu du askok pentsatzen dutela "oso arriskatua" dela dena aldi berean aldatzea, eta nahiago dutela "berritasuna eta jarraipena" uztartu. Dena den, aitortu du badela alderdia (EBBren buruzagitza baita) goitik behera berritzea nahi duenik ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Andoni Ortuzar Eguneko albisteak Albisteak