Politika -
BARNE PROZESUA
Otegi beste lau urtez izango da EH Bilduren buruzagi
Sonia Jacinto izango da Antolaketa idazkaria, Arkaitz Rodriguez Ekintza Politikoko idazkaria eta Nerea Kortajarena Programa idazkaria, Mahai Politikoaren proposamena onartuz gero.
agentziak | eitb media
EH Bilduren egungo zuzendaritzak hurrengo Mahai Politikoa osatzeko egindako proposamenean Arnaldo Otegi agertzen da idazkari orokor gisa datozen lau urteetan alderdia gidatzen jarraitzeko, eta ondoan izango ditu Sonia Jacinto Antolaketa idazkaria, Arkaitz Rodriguez Ekintza Politikorako idazkaria eta Nerea Kortajarena Programa idazkaria. Zuzendaritza berrirako hautagaitzaren barruan egongo dira denak, eta Pello Otxandiano ere egongo da, Eusko Legebiltzarreko bozeramaile delako.
EH Bilduk prentsa-ohar batean azaldu duenez, Mahai Politikoak egindako proposamenean 37 pertsona ageri dira EH Bilduren zuzendaritza nazional berrian, gehienak emakumeak, eta batez beste 47 urte dituzte.
Koalizio abertzaleak zehaztu du otsailaren 6tik 8ra egingo den bozketa prozesuan erabakiko dela Idazkaritza berriaren egitura ere, eta hori izango da Mahai Politikoarekin batera EH Bilduk izan nahi duen bi ganberako zuzendaritza sistema berria.
Hain zuzen ere, horixe da egungo zuzendaritzak proposatu duen aldaketa nagusietako bat, bi aginte ganbera egotea, eta Mahai Politikoa pertsona gehiagok osatzea.
Gari Mujikak zuen zuzendari nagusi kargua desagertu egingo da, eta Mujika Komunikazio arduradun izango da aurrerantzean. Gainera, Asier Vega, Bizkaiko koordinadore zena, Mahai Politikotik aterako da, eta Nahia Sanzek hartuko du haren lekua.
Koordinatzaile nagusiaren kargurik ere ez da egongo, eta Arnaldo Otegi, militanteen babesa izatekotan, idazkari orokor izango da.
Hautagaitza hori onartuz gero, Sonia Jacinto Antolaketa idazkaria izango da, Arkaitz Rodriguez Ekintza Politikoko idazkaria, Gorka Elejabarrieta Harremanen idazkaria, Unai Urruzuno Politika Instituzionaleko arduraduna, Onintze Oleaga Udalgintzaren arduraduna, Imanol Nieto Eraketaren arduraduna, Igor Zulaika Nazioarteko Politika eta Harremanen arduraduna eta, aipatu bezala, Gari Mujika Komunikazio arduraduna.
Ibon San Saturnino izango da Arabako arduradun politikoa, Nahia Sanz Bizkaikoa, Nekane Zinkunegi Gipuzkoakoa eta Miren Zabaleta Nafarroa Garaikoa. Idazkaritzarako hautagaitza osatuko dute Pello Otxandianok, Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioaren bozeramaile delako, eta Laura Aznalek, Nafarroa Garaiko Parlamentuan kargu bera duelako.
Mahai Politikorako proposamenean, aipatutako horiez gain, Mertxe Aizpurua Madrilgo Kongresuko talde parlamentarioaren bozeramailea, Idurre Bideguren Senatuko talde parlamentarioarena eta Pernando Barrena Europako Parlamentuko talde parlamentarioarena ere sartuko dira.
Herrialde-irizpidearen arduradun izango dira Rocio Vitero, Eva Lopez de Arroyabe eta Ainize Gastaka Araban; Maria del Rio, Iker Casanova eta Iñigo Hernando, Bizkaian; Juan Karlos Izagirre, Maddalen Iriarte eta Aizpea Otaegi, Gipuzkoan; eta Garbiñe Bueno, Mikel Zabaleta eta Ander Loyola, Nafarroa Garaian. Mahai Politikoaren zerrenda Eba Blancok eta Oskar Matutek osatuko dute, Eusko Alkartasunaren eta Alternatibaren buruak, hurrenez hurren.
Igande honetan hasi da Mahai Politikorako eta Batzorde Betearazlerako proposamenak egiteko epea, eta egungo zuzendaritzak egindako proposamen ofizialistaz gain, hautagaitza alternatiboak aurkezteko aukera dago.