Politika -
EAJ
Astelehen honetan hasiko da Euzkadi Buru Batzarra berritzeko prozesua
Lurraldeetako exekutiboak berritu ondoren, jeltzaleen barne prozesua abiatuko da, zalantza guztiak argituta. Izan ere, Ortuzarrek EBBko buru izaten jarraitzeko asmoa erakutsi du larunbatean.
EITB MEDIA
EAJren Euzkadi Buru Batzarra berritzeko prozesua astelehen honetan hasiko da, Andoni Ortuzarrek bere asmoen berri eman ostean. EAJko militantziak proposatuko ditu alderdiaren zuzendaritza berrirako hautagaitzak: presidentea eta zortzi burukideak. Hiru batzokiren babesa nahikoa da bigarren bueltara pasatzeko.
Ortuzarrek, bere aldetik, militantziaren esku utzi du bere jarraipena, beste lau urtez alderdiaren lehendakari izateko prest dagoela esanda.
Aitor Estebanen izena ere agertu da kinieletan, Espainiako telebista-kate batek egindako elkarrizketa batean esan baitzuen bere alderdiaren barruan eskatutako guztia onartu duela orain arte. Jeltzaleen presidente izatea "ohorea" litzatekeela ere adierazi zuen orduan.
Ortuzarren asmoak, baina, egoera irauli du. "Alderdi honen esanetara nago. Afiliatuek nahi duten tokian egongo naiz. Zuena da, beraz, erabakia. Erabakitakoa ondo egongo da. Parte hartzea soilik eskatzen dizuet", esan zuen Facebook sare sozialaren bidez zabaldutako mezuan.
"EBBko kideek bazekiten zein zen nire asmoa, uztailaren 8an izan genuen bileran adierazi nielako eta iragan astelehenean berretsi nuelako. Guztiok dugun ego zatia mukuru beteta dago nire kasuan. Zinez, uste dut ezin dela zalantzan jarri nire konpromisoa eta afera abertzaleari zein jeltzaleari emandako guztia", erantsi zuen.
Martxoaren 29an eta 30ean Donostian egingo duten IX. Batzar Nagusiarekin emango diote amaiera prozesuari, orduan jakingo baita nork hartuko duen buruzagitza.