Politika -

EH BILDU

Otegik Ortuzarren erabakia errespetatu du eta "eskuin abertzale subiranistaren beharra" aldarrikatu

EH Bilduk jeltzaleekin "arlo sozio-ekonomikoan ezberdintasun handiak" dituen arren, koalizio subiranistaren koordinatzaile nagusiak dio badirela "espazio komun" batzuk akordioak egiteko.

Otegi, artxiboko argazki batean. EFE
Otegi, artxiboko argazki batean.
Otegi, artxiboko argazki batean. EFE

Agentziak| EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzarrek EAJ zuzentzen jarraitzeko prest dagoela adierazi duela eta, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak errespetua agertu dio erabakiari, eta EAJ Euskal Herrian "beharrezkoa" dela nabarmendu du, "eskuin abertzale subiranista" ezinbesteko den heinean.

"Gu ez gaude hemen pentsatuz egon daitekeela Euskal Herri bat etorkizunean EAJ gabe. Guk nahi duguna da herri honetan ezker eta eskuin abertzale subiranista bat egotea, eta horiek herri honen borondatea artikulatzea", azaldu du Naiz irratian egin dioten elkarrizketa batean.

Otegiren aburuz bi indarrek "ezberdintasun handiak dituzte arlo sozio-ekonomikoan", baina badira "espazio komun" batzuk akordioak egiteko. Hori horrela, jeltzaleen eta ezker subiranistaren arteko itunak defendatu ditu, "adostasunak sakralizatu gabe eta desadostasunak dramatizatu gabe".

Ortuzarrek bezala, EH Bilduren buruzagitzan jarraitzeko hautua egin du Otegik ere. Hain justu, koalizioak buruzagitza berritzeko abiatutako prozesuaren harira, EH Bilduren koordinatzaile nagusiak azpimarratu du "belaunaldi berria" dagoela eremu politikoan erantzukizuna hartzen, eta kideen batez besteko adina aipatu du horren adibide: "Lurralde guztiak oso ondo ordezkatuta daude, emakume gehiago daude eta batez besteko adina 46 urtekoa da, batzuek asko igotzen badugu ere".

Nabarmendu duenez, buruzagitza eredu berriak Zuzendaritza Orokor txikiagoa izango du, eta astero bilduko da, eguneroko gaiak landuta. Mahai Politikoa, aldiz, zabalagoa izango da, eta "gauzak patxada gehiagoz aztertuko ditu, estrategikoki".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Andoni Ortuzar EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak