Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Eskoletako auzia "harrokeriaz eta hezkuntza akordiotik aldenduta" heltzea egotzi dio EH Bilduk Jaurlaritzari

Etxebizitzaren alorrean, udalak "gune tentsionatuak izendatzeko egiten ari diren esfortzua" eta herritarren "etxebizitzarako sarbidea blokeatzen" ibiltzea egotzi dio Nerea Kortajarena EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak EAJri.

Kortajarena, Euskadi Irratiko estudioetan. EITB Media
Kortajarena, Euskadi Irratiko estudioetan.
Kortajarena, Euskadi Irratiko estudioetan. EITB Media

play icon 26:48

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nerea Kortajarena EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen ustez, Eusko Jaurlaritzak Hezkuntzako sindikatuekin duen lan gatazka —gaurtik hasita, 12 greba egun daude deitutaez da "harrokeriaz" konponduko, eta zentzu horretan, "hezkuntza akordio zabal eta ilusionagarriaren izpiritua" berreskuratzeko deia egin dio Hezkuntza Sailari, hortik "aldenduta" ikusten baitu.

Kortajarenak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketa batean nabarmendu duenez, hezkuntza sistemak hainbat erronka ditu —jaiotza-tasaren jaitsiera, migrazioaren fluxuak eta digitalizazioa— eta horiei buruzko "sakoneko eztabaida" egin behar da. Horren harira, aitortu du eztabaida hori ez dela lan baldintzetara mugatzen, baina langileen baldintzak kontuan hartu behar direla.

Hori horrela, negoziazio mahaian "hezkuntza akordioaren perspektiba on horretan oinarritzen diren akordioak" lortzeko deia egin dio Jaurlaritzari.

Etxebizitzaren auziari ere heldu dio EH Bilduren bozeramaileak, gaur Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroaren lehen bilera egin dutela eta. Horren aburuz, foroak "lagungarri" izan badaitezke ere, ez dira erabateko irtenbide. "Arazoa ez da marketing eta eszenifikazio batekin konponduko", erantsi du.

Are, EAJk "sinesgarritasun arazoa" duela salatu du, herritarren etxebizitza sarbidea "blokeatzen" ari dela uste baitu. Azaldu duenez, udalak "gune tentsionatuak izendatzeko egiten ari diren esfortzuaren aurrean", aldundiek ez dituzte eman dagozkien pausoak. "Eider Mendoza buru duen Aldundiak, adibidez, ez du atera prezioen indizea", kritikatu du. Gainera, EAEko egoera Nafarroakoarekin alderatu du, eta argitu Foru Erkidegoan, EH Bilduren ekimenez, gobernuak hartu zuela bere gain gune tentsionatuak izendatzeko ardura; EAEn, aldiz, "udalen gainean erori da pisu guztia".

Horren guztiaren atzean zer dagoen galdetu du Kortajarenak: "Agian EAJ eta PSE-EEren arteko desadostasunak daude medio, edo, bestela, igual, EAJri zaio interesatzen Etxebizitzaren Legearen garapenak arrakastarik ez edukitzea, badakigulako denok lege horren kontra bozkatu zuela". 

Zerga erreformaren negoziazioan, bestalde, hautua egiteko deia egin die aldundiei: "Arinkeriaz jokatu nahi bada, PP da egokiena"; fiskalitateari buruzko eztabaida "serio eta sakona" nahi bada, ordea, elkarrizketarako prest dago koalizioa.

Aldundiak prozedura "errespetatzea" eskatu du

Kortajarenak tentsionatutako herrietako informaziorik ez pasatzea egotzi eta gero, Gipuzkoako Foru Aldundiak erantzun du joan den astean alokairuko familien finantza-ahaleginaren inguruko datuak igorri zizkiola Eustati.

Horren ildotik, foru erakundeak nabarmendu du "elkarlanean" ari dela Ministerioarekin eta Eustatekin, zehaztasun guztiak "epe laburrenean" tratatzeko. "Izan ere, ezin da ahaztu eskakizunak egiteko prozedura bat dagoela tratatzen den informazioa konfidentziala delako, eta prozedura hori errespetatu beharra dago", gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika LOMLOE hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza albisteak Grebak gaur EH Bildu Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Irratia euskaraz Hezkuntza sistemako albisteak Etxebizitzen merkatua Zergak gaur