Politika -

Omnibus dekretua

Espainiako Gobernuak ez du aurreikusten atzera botatako neurriak dituen arau berri bat berehala onartzea

Gobernuak eta oposizioko alderdiek elkarri leporatu diote gertatutakoaren errua. Bitartean, Gobernuaren bazkideek eskatu dute berehala onartzeko pentsioen igoera eta garraiorako deskontuen luzapena ahalbideratuko duen dekretu berri bat.

Pedro Sanchez Valentzian. Argazkia: EITB Media.
Pedro Sanchez Valentzian. Argazkia: EITB Media.
Sanchezek ''min soziala'' sortzea egotzi die PPri eta Juntsi, ''omnibus'' dekretuaren aurka bozkatu ostean

2:23

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuaren aurreikuspenen arabera, egunotan ez da onartuko asteazkenean Diputatuen Kongresuan atzera bota zuten "omnibus dekretua" ordezkatuko duen eta pentsioen igoera eta garraiorako laguntzen berritzea ahalbideratuko dituen arau berririk. Gobernuko iturrien arabera, ez dago egunotarako Ministroen Kontseilurik aurreikusita, nahiz eta Sumarrek eta ERCk berehala deitzeko eskatu duten.

Asteazkenean, PP, Vox eta Juntsen aurkako botoekin, omnibus dekretua atzera bota ondoren, kontakizuna bereganatzen eta gertatutakoaren errua elkarri leporatzen aritu dira alde biak.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak talde parlamentario guztiei eskatu die bere jarrera berriz aztertzeko, baina PPri egin dio azpimarra. "Aurka bozkatu zuten taldeei, bereziki PPri, eskatuko nieke berriz hausnartzeko min soziala eragiten duen oposizio suntsitzaile hau", esan du.

Ildo beretik aritu da Maria Jesus Montero lehen presidenteorde eta Ogasun ministroa ere. Ziurtatu du Gobernuak hitz egiten jarraituko duela gehiengo sozialaren ongizatea bermatzeko asmoarekin, eta adierazi du dekretua atzera botatzeak "oposizio suntsitzaile" baten "bahitu" bihurtzen dituela herritarrak.

Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko presidente eta oposizioko buruak, ostera, Gobernuari leporatu dio pentsiodunak "bahitu" eta "giza ezkutu" gisa erabili izana. Horrez gainera, PPri dekretua erortzea leporatzen dionean "iruzur" egiten saiatzen dela esan du. "PPren jarrera ezaguna da", esan du; "bai, pentsioen igoerari; ez, aliatu nazionalistei pribilegio eta higiezinak oparitzeari; bai, garraio publikoaren hobariari; ez, BEZaren bidez argia eta elikagaiak igotzeari; eta bai, Valentziari; ez, etxebizitzen okupazioari".

Carles Puigdemont Junts alderdiko presidenteak ere hitz trukaketa honetan parte hartu du, eta sozialistei eta haien bazkideei fake news-ak zabaltzea leporatu die, bere alderdia "pentsioak igotzearen eta garraio publikoan deskontuak izatearen kontrako" bezala aurkeztu duelako. Sare sozialetan argitaratutako bideo batean berretsi duenez, Gobernuak neurri sozial horiek dekretu berri batean onartzen baditu, Juntsek alde bozkatuko du.

Jordi Turull Juntseko idazkari nagusia harago joan da, eta iragarri du bere alderdiak proposamen bat aurkeztuko duela pentsioak eta garraio publikorako laguntzak handitzeko, baldin eta Gobernuak ez badu "datozen orduetan" neurri horiek jasotzen dituen dekretu berri bat onartzen.

Era berean, atzera botatako neurri ekonomiko eta sozialak berriz ere onartzeko eskatu du Gobernuko bazkiden den Sumarrek. Antonio Maillo IUko buruzagiak azpimarratu duenez, "pentsioekin ez da jolasten", eta PPk eta Juntsek "oso ondo azaldu behar dute zergatik hartu duten erabaki hori". Aldi berean, Gobernuari "eskubide horiek berreskuratzeko" dekretu berria izapidetzeko eskatu dio.

Inbestidura saioko bazkideen artean, EH Bilduk "atsedenik gabe lan egiteko" konpromisoa hartu du, neurri horiek "ahalik eta azkarren" indarrean sartu daitezen. Bestalde, ERCk eta BNGk neurri sozialak jasotzen dituen dekretu berri bat onartzea eskatu dute.

Testuinguru honetan, UGT eta CCOO sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte otsailaren 2rako, babes sozialeko neurriak bertan behera geratu direla salatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE PP Ministroen Kontseilua Espainiako Gobernua EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak ERC Sumar Mugimendua Junts per Catalunya