Politika -

AURREKONTUAK

Aurrekontuak aurrera atera dituzte Gasteizen, EH Bilduren babesarekin

Ez da ezustekorik izan eta koalizio subiranistako zinegotziek euren botoak EAJren eta PSE-EEren botoekin batu dituzte aurrekontuak bigarren urtez jarraian aurrera ateratzeko.

EH Bildu, PSE-EE eta EAJren arteko akordioa Gasteizko Udalean. Argazkia: EITB Media.
EH Bildu, PSE-EE eta EAJren arteko akordioa Gasteizko Udalean. Argazkia: EITB Media.
EH Bildu, PSE-EE eta EAJren arteko akordioa Gasteizko Udalean. Argazkia: EITB Media.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udal Gobernuak aurtengo aurrekontuak onartzea lortu du, EH Bilduren babesari esker. PSE-EEk eta EAJk, Udalean gutxiengoan, bigarren urtez jarraian hitzartu dituzte aurrekontuak.

Ez da ezustekorik izan, eta koalizio subiranistako zinegotziek euren botoak abertzale eta sozialistenekin batu dituzte oposizioko beste bi taldeek (PP eta Elkarrekin) atzera bota nahi zituzten aurrekontuak onartzeko.

2025eko aurrekontuek 475,6 milioi euro izango dituzte, eta PSE-EEren, EAJren eta EH Bilduren artean egindako 23 zuzenketa jasotzen dituzte, 7,7 milioi eurokoak.

Halaber, 8 milioiko konpromiso-kredituak aurreikusten dituzte 2026an eta 2027an garatzeko. Itundutako partidekin sustatuko diren proiektu zehatzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: adinekoentzako etxebizitza komunitarioak eraikitzea, bizitegi-urgentziazko baliabide berri bat finantzatzea, gazteentzako etxebizitza berriak, merkataritza-dinamizazioa, energia-komunitateak eta ibilgailuak (taxiak, adibidez) elektrifikatzea.

Jon Armentia Ogasun zinegotziak defendatu duenez, aurrekontua orekatua da eta "egonkortasuna ekarriko du eta Gasteizek aurrera egiten jarraitzea ahalbidetuko du".

EH Bildurekin lortutako akordioarekin arlo sozialak eta etxebizitzarena indartzen direla nabarmendu du, eta PP alderdiari eta Elkarrekin koalizioari zuzendu zaie, "adosteak horretarako balio duela, guztion onerako".

Horren ildotik, Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu du aurrekontuak hobetu egin direla bere zuzenketekin, "herritarrek irabazten dutenarekin akordio ona" lortu dutelako, eta azpimarratu du "lehentasunezko bazkide bakarra Gasteizko herritarrak" izango direla.

EAJren lehen alkateordeak, Beatriz Artolazabalek, kontuak defendatu ditu, "errealistak, orekatuak eta arduratsuak" direlako. Ukatu egin du EH Bildu Udal Gobernuaren lehentasunezko bazkide bihurtu izana, eta esan du kontuei emandako baiezko botoak "konpromisoaz, leialtasunaz eta erantzukizunaz" hitz egiten duela, eta "baliabideak ondo bideratuta daudela onartzea" dela.

Iñaki Garcia Calvo popularrak uste du EH Bildu dela Gobernuaren lehentasunezko bazkidea, eta esan du "Pedro Sanchezen eredua Gasteizera inportatu" duela. "Berriro eskua luzatzen diegu, baina alkateak ez du nahi, Bildu aukeratu duelako", deitoratu du Garcia Calvok, eta aurrekontuak "neurri kosmetikoak" baino ez dituela jasotzen kritikatu du.

Azkenik, Garbiñe Ruiz Elkarrekin koalizioko bozeramaileak esan du akordioak ez duela "ausardiarik" eta arazoak konpontzen ez dituzten "adabakiak" dituela. "Etorkizunean hor egongo gara berriro, hobekuntzak adosteko", esan dio Udal Gobernuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak