Politika -
Omnibus dekretua
Sanchez ez da omnibus dekretua zatitzearen aldekoa
Gizartearekin "enpatia" izateko eta arduraz jokatzeko eskatu die PPri eta Juntsi, dekretuaren aurka bozkatuta "mina" eragin dutela iritzita.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Omnibus dekretua atzera bota ostean, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek ez du argitu indar gabe geratu diren neurriak nolabait berreskuratzeko asmoa duen ala ez, alegia, pentsioen igoerarekin edota garraio publikorako dirulaguntzekin zer gertatuko den, baina esan du ez dela dekretua zatitzearen aldekoa, PPk proposatu gisa.
Horren harian, gizartearekin "enpatia" izateko eta arduraz jokatzeko eskatu die PPri eta Juntsi, dekretuaren aurka bozkatuta "mina" eragin dutela iritzita.
Sanchezen ustez, ekonomiaren hazkundea eragozten ari dira bi alderdi horiek. Horregatik, neurri horiek gaitzesteak zer "zentzu politiko" daukan eta "zer dela eta" egin duten galdetu die.
"Zer azalpen du horrek guztiak? Berriro ere, erantzukizunez jokatzeko eskatu nahi diet aurka bozkatu dutenei, sen onez joka dezatela, omnibus dekretuak gure herrialdearen babesa behar baitu", berretsi du Sanchezek, "gizartearen zati handienari mesede" egingo diola arrazoituta.
Hartara, Gobernuak, beste dekretu baten bidez, pentsioen igoera "berehala" berreskuratuko duen galdetuta, erantzun du testuak ez zuela soilik neurri hori hartzen, garraio publikoaren doakotasuna, goialdeko depresioak kaltetutakoentzako laguntzak, etxegabetzeekin lotutakoak eta "askoz gehiago" jasotzen baitzituen.
Feijoo: "Herritarren kontrako 40 neurri ziren"
PPko buru Alberto Nuñez Feijook baieztatu du bere alderdiaren "ezezkoari" esker etxebizitzen jabeek beren etxeak berreskuratu ahalko dituztela. "Ez ziren pentsioak, herritarren aurkako 40 neurri ziren", esan du.
Puigdemontek PSOE kritikatu du
Juntseko presidente Carles Puigdemontek gogora ekarri du PSOEko presidente Pedro Sanchezek ere "xantaia" gisa sailkatu zituela, bera oposizioan zegoela, Mariano Rajoyren gobernuaren omnibus dekretuak.
"Badirudi PP ez dela bakarra pentsioekin xantaia egiten duena neurri onartezinak aurrera ateratzeko", esan du X sare sozialean argitaratutako mezu batean.