Politika -
Bruselara bidaia
Lehendakaria Antonio Costa Europako Kontseiluko presidentearekin bilduko da asteazkenean, Bruselan
Pradalesek Bruselara egingo duen bigarren bidaia da, azaroan egindakoaren ondotik. Bi eguneko bidaian Europako Batzordeko presidenteordearekin, Akitaniako presidentearekin eta Garraio komisarioarekin ere biltzeko asmoa du.
EITB Media
Imanol Pradales lehendakaria Antonio Costa Europako Kontseiluko presidentearekin bilduko da datorren asteazkenean, urtarrilaren 29an, Bruselan. Batzarra 09:30ean hasiko da.
Pradalesen eta Portugalgo lehen ministro ohiaren arteko hitzordua gaur baieztatu dute. Costak 2024ko abenduaren 1ean hasi zuen bere agintaldia Kontseiluan.
Lehendakaria Bruselara joango da urtarrilaren 28an eta 29an, Europako erakundeetan Euskal Autonomia Erkidegoari "zuzenean" eragiten dioten gaien inguruan eztabaidatzeko, hala nola industriaren eta trantsizio energetikoaren sustapena, AHTa, euskararen defentsa, etxebizitza-politika publikoak eta makroeskualde atlantikoa.
Pradalesek Bruselara egingo duen bigarren bidaia da, azaroan egindakoaren ondotik. Ursula von der Leyenek zuzendutako Europako Batzorde berriaren agintaldi hasierarekin bat dator.
Imanol Pradalesek Euskal Autonomia Erkidegoaren interesetarako Europako gai-zerrendako arlo estrategikoez arduratzen diren presidenteorde exekutibo eta komisarioekin ere egingo du lehen bilera.
Hala, Teresa Ribera Europako Batzordeko presidenteordearekin biltzeko asmoa du, lehiakortasunari eta trantsizio energetikoari lotutako gaiak jorratzeko.
Era berean, Imanol Pradales Alain Rousset Akitaniako presidentearekin eta Apostolos Tzitzikostas Europako Batzordeko Garraio komisarioarekin bilduko da, AHTa Parisekin nola lotu aztertzeko.
Gainera, lehendakariak bilerak egingo ditu Raffaele Fitto Europako Batzordeko Kohesio Politikarako presidenteordearekin eta Piotr Serafin Europako Aurrekontu komisarioarekin, "Europar Batasuneko eskualde guztietako kohesio-politika defendatzeko".
Azkenik, Pradales Martin Hojsik Europako Parlamentuko presidenteordearekin batzartuko da, "Euroganberako osoko bilkuretan euskararen erabilerari buruzko proposamenean aurrerapausoak emateko".