Politika -

EBBren barne prozesua

Aitor Esteban "hunkituta eta eskertuta" agertu da EAJko presidente izateko proposatu dutelako

EBBren berritze prozesuaren lehen itzulian Aitor Estebanen izena hogeita hamar bat batzokitan aukeratu dute. EAJk Kongresuan duen bozeramaileak eskerrak eman ditu X sare sozialaren bidez.

Aitor Estebanen artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Aitor Estebanen artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Aitor Estebanen artxiboko irudia. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJren oinarriak EBBren berritze prozesuaren lehen itzulian bozkatzen ari dira. Otsailaren 2an amaituko da lehen bozketa eta Aitor Estebanen izena hogeita hamar bat batzokitan aukeratu dute. EAJk Kongresuan duen bozeramaileak eskerrak eman ditu X sare sozialaren bidez.

"Hunkituta eta eskertuta" dagoela idatzi du Estebanek, eta "alderdikideen garaia" dela gaineratu du.

Otsailaren 20an hasi zen bozketa eta Andoni Ortuzar egungo presidentea da orain arte babes gehien lortu duena.

Goiak esan du afiliatuek dutela hitza

Donostiako alkate Eneko Goiak baieztatu du afiliatuek dutela orain "hitza" alderdi jeltzalearen etorkizunerako "egokiena" iruditzen zaiena "askatasun osoz" proposatzeko.

Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, eta EBBren prozesuari buruz galdetuta, Goiak aitortu du ez duela gustuko alderdiaren barne hautaketei buruzko adierazpen publikoak egitea.

Prozesua

Lehen itzulia amaituta, gutxienez hiru udal erakunderen babesa lortzen duten hautagaiak otsailaren 10etik 26ra egingo den bigarren itzulira igaroko dira. Bigarren fase horretan EBBko presidentea eta zortzi burukide aukeratuko dira.

Lurralde Batzarrak otsailaren 27tik martxoaren 26ra bitartean egingo dira. Horietan, udal erakunde bakoitzeko ahaldunek, aginduzko botoaren bidez, bigarren itzulian izendatutakoak proposatuko dituzte. Era berean, lurralde-batzar bakoitzeko ordezkariek —aginduzko botoz horiek ere— dagokien lurraldean izendatutakoei eman beharko diete botoa, Batzar Nagusiaren esparruan egingo den Batzar Nazionalean.

Martxoaren 29an eta 30ean egingo den EAJren IX. Batzar Nagusiak EBBren kide berriak izendatuko ditu eta hurrengo urteetan alderdiaren jarduna arautuko duten txosten berriak onartuko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eguneko albisteak Albisteak