Politika -

Omenaldia Gregorio Ordoñezi

Gregorio Ordoñez gogoratu dute, azkenekoz Polloen, ETAk hil zueneko 30. urteurrenean

Consuelo Ordoñez Coviteko presidentea eta hildakoaren arrebak deitoratu egin du "ETAko buruzagi politikoak erakundeetan egotea, gero eta botere gehiagorekin". Ekitaldian agintari eta ordezkari politiko ugarik parte hartu dute, baita ETAren beste biktima batzuek ere.

Consuelo Ordoñez, larunbat honetan Polloen. EFE.
Consuelo Ordoñez, larunbat honetan Polloen. EFE.
Consuelo Ordoñez, larunbat honetan Polloen. EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk hil zuela 30 urte bete direnean, dozenaka pertsonak Gregorio Ordoñez gogoratu dute Donostiako Polloeko hilerrian, leku horretan eskainiko zaion azken oroitzapen-ekitaldian.

Consuelo Ordoñez Euskadiko terrorismoaren biktimen kolektiboko (Covite) presidenteak, hildako politikariaren arrebak, deitoratu duenez, "ETAko buruzagi politikoak erakundeetan daude gaur egun, gero eta botere gehiagorekin, atentatu terrorista bakar bat ere gaitzetsi gabe eta inor gutxi ausartzen den zigorgabetasun esparru baten onurak jasotzen".

Azaldu duenez, bere anaiak "inoiz ez zuen politika boterea lortzeko estrategia edo bitarteko gisa ulertu", eta kritikatu duenez, "terroristek eta haien babesleek ezin zuten onartu Gregorio (haiek nola garaitu behar ziren hain argi zeukana) alkate izatea beti botere handia eta babes sozial eta politiko zabala izan zuten hirian". Hala, kritikatu duenez, "bere arerioek indarkeriarekin amaitzeko ETArekin negoziatu behar zela defendatzen zuten bitartean, berak ondo asko zekien horrek zer esan nahi zuen, demokrazia prostituitzen ariko ginela".

Testuinguru horretan, aitortu du "mingarria" dela "ETAren porrota (gizartearen gaitzespena, poliziaren eraginkortasuna eta indarkerien isolamendua) inoiz gertatu ez dela ikustea"; bere ustez "gehiegitan negoziatu da ETArekin eta amore eman zaie haien eskakizunei", zehaztuz, "gure herrialdea gobernatu duten guztiek"  egin dutela hori.

ETAren biktimei "gertatutakoaren memoria eta egia sakrifikatzea" eskatzen zaien bitartean, "zigorgabetasuna edo damu arrastorik gabeko hiltzaileekiko eskuzabaltasuna bakerako prezio beharrezkoa eta onargarria dela onartu arte", "terroristei espetxe-zigorrak murriztu zaizkie, Zuzenbide Estatuari tranpak eginda". 

Bere hitzaldian, Coviteko presidenteak aitortu du ekitaldi horretan "sentibera" zegoela Gregorio Ordoñezenganako "maitasun eta miresmen adierazpen ugariengatik". Ildo horretan, adierazi du zera galdetzera eraman duela horrek: "Zer gertatu den 30 urte hauetan gure herrialdeko politikan, hainbeste herritarrek babesleku bat, baltsamo bat aurki dezaten Gregorioren ahotsean?".

Bat-bateko zaparrada handi batek ekitaldia bukatzera behartu du, hori bai, umore kutsuarekin, Consuelo Ordoñezek hitzaldia eten baitu zerura begira oihukatuz: "Baina zer egin didazu? Beti izan dugu hitzartuta, urtero, eta azkenekoan hau egiten didazu!". Bertaratutakoen barreak eta txaloak eragin dituzte hitzok, eta hala eman diote amaiera ekitaldiari.

Acto de homenaje bajo la lluvia. EFE.

Acto de homenaje bajo la lluvia. EFE.

Ekitaldian hainbat agintari eta ordezkari politikok hartu dute parte, hala nola Eneko Goia Donostiako alkateak, Maria Jesus San Jose Justizia sailburuak, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi eta foru diputatuak, Muriel Larrea Gipuzkoako PPko presidenteak, Javier De Andres Euskadiko PPkoak, Esther Martinez Euskadiko PPko idazkari nagusiak, Amaia Martinez Eusko Legebiltzarreko Talde Mistoaren bozeramaileak, Ana Velasco Voxeko diputatuak, Manuel Lezertua Arartekoak eta Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak.

Era berean, Ana Iribar Ordoñezen alarguna, terrorismoaren beste biktima batzuk, hala nola Gorka Landaburu edo Jose Maria Mugica, ETAk hildako Fernando Mugica buruzagi sozialistaren semea, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatua eta Fernando Savater filosofoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika Donostia Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak