Politika -
GKSren manifestazioak
Faxismoaren kontrako euste-horma bat eraikitzeko beharra aldarrikatu dute milaka gaztek Bilbon eta Iruñean
Zentzu horretan, "borroka honetan" batzeko, eta "kaleak hartzeko" deia egin die Gazte Koordinakunde Sozialistak langile klaseko mugimendu guztiei, arratsaldean bi hiriburuetan egin dituzten manifestazioetan.
EITB MEDIA
Gerraren eta faxismoaren kontrako aldarria haizatu du Gazte Koordinakunde Sozialistak (GKS) Bilbon eta Iruñean, gaur arratsaldean. Bizkaiko hiriburuko mobilizazioa 18:00etan abiatu da Jesusen Bihotzetik, eta Iruñekoa 19:00etan hasi da Gaztelu Plazan.
Kale Nagusia zeharo beteta, milaka gazteren konpromisoaz hitz egin du ETBren mikrofonoen aurrean GKS-ko bozeramaile Saioa Galarragak.
"Ikusten dugu nola mendebaldeko oligarkiak agenda erreakzionario bat jarri duen martxan, eta Euskal Herrian, horren aurrean, euste-horma bat eraiki beharrean gaudela uste dugu", adierazi du.
Zentzu horretan, "borroka honetan" batzeko, eta "kaleak hartzeko" deia egin diete langile klaseko mugimendu guztiei.
Bilboko manifestazioan 5.000 gaztek hartu dute parte, Udaltzaingoaren arabera, eta udaletxe aurrean eman dituzte azken urratsak, protesta amaierako manifestua irakurri aurretik.
"Ezin dugu onartu agenda belikoa normalizatzea. Gerra inperialistaren aurkako borroka hedatu behar dugu, enpresarioen eta politikoen konplizitatea salatuz, eta langile klaseko mugimenduen artean alternatiba bat eraikiz", ohartarazi dute.
Halaber, kritikatu dute eskubideak urratzen ari direla, eta "horri aurre egiteko ordua da". "Ezinbestekoa da talde eta erakunde ezberdinen arteko kolaborazioa", nabarmendu dute.