Politika -
NEURRIAK
Ministroen Kontseiluak omnibus dekretua onar dezake gaur, Kongresuak atzera bota arren
"Politika jendearen bizitza hobetzea da (...). Ez dago aurreko astean Kongresuan egindakoa justifikatzen duen arrazoirik", nabarmendu du Yolanda Diazek.
Agentziak| EITB MEDIA
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko Lan ministro eta bigarren presidenteordeak eskatu du PPren, Voxen eta Juntsen kontrako botoengatik Diputatuen Kongresuan bertan behera geratu zen omnibus dekretua Ministroen Kontseilura eramatea, "astearte honetan, posible bada".
"Uste dut Espainiako Gobernuak lehenbailehen, bihar bertan posible bada, eraman behar duela Ministroen Kontseilura omnibus dekretu hau", adierazi du Lan ministroak.
Bigarren presidenteordeak esan du dekretua "bere horretan" eraman behar dela, "herritarrek ez dutelako nahi minean oinarritutako politika".
Ildo beretik, Alderdi Popularrari esaktu dio ezezkoa zergatik eman zuen azal dezan. "Alderdi Popularrak (...) lege-proposamen bat erregistratu zuen, Espainiako pentsiodunei pentsioen balioa handitu nahi dutela esateko edo esaten saiatzeko, eta ez da horrela. Alderdi Popularra Espainiako Gobernuaren neurri sozial guztien aurka dago ", gaineratu du.
Gainera, Yolanda Diaz bigarren presidenteordeak PPri leporatu dio "Voxek bahituta" egotea, eta horrek Alberto Nuñez Feijoo buruzagiari Moncloara iristea galaraziko diola adierazi. Izan ere, erabaki du beraiek dutela pentsioak errebalorizatzeko eta garraiorako laguntzak hobaritzeko neurri sozialak bertan behera uzteko erantzukizuna; ez, ordea, Juntsek, Kongresuan zazpi eserleku baino ez ditu eta.
Era berean, adierazi du PPren "arinkeriak" 11,5 milioi pentsiodun kaltetu dituela; "berbari ez eustea" aurpegiratu dio, eta kontuak eman ditzan eskatu dio omnibus dekretuaren neurri sozialen aurka egin izanagatik: "Politika jendearen bizitza hobetzea da (....). Ez dago joan den astean Kongresuan egindakoa justifikatzen duen arrazoirik", esan du Lan ministroak.
Are gehiago, esan du omnibus dekretuari aurka bozkatuta "min" egiteko estrategiari soilik jarraitzen diola, baina gaineratu du ez diola Gobernuari min egiten, herritarrei baizik. "Ez diote Espainiako Gobernuari zaplaztekorik eman. Gure herrialdean dauden hamaika milioi eta erdi pentsioduni ari zaizkie zaplaztekoak ematen. Bonifikatutako garraio publikoan ibiltzen diren herritar askori ari zaizkie zaplaztekoak ematen", azaldu du Diazek.
Azkenik, zalantzan jarri du PPk lanaldiaren murrizketarekin eta lan-erreformarekin "akats bera" egingo ote duen, Alberto Casero diputatu ohi popularraren "akats batengatik" aurrera atera bazen ere. "Lanaldia murriztearen aurka bozkatuko duzu?", galdetu du.