Politika -
Barne hauteskundeak
Otegi buru duen zerrenda da EH Bilduren III. Kongresurako aurkeztutako bakarra
Koalizioaren kideek otsailaren 5etik aurrera bozkatu beharko dute hautagaitza horren eta ponentzia politikoaren gainekoak. Emaitza hiru egun geroago jakingo da, Iruñeko Baluarten egingo den Kongresuan.
agentziak | eitb media
EH Bilduren Mahai Politikoak zuzendaritzarako aurkeztutako zerrenda, Arnaldo Otegi buru duena, izango da III. Kongresuan aurkeztuko den bakarra, epea amaituta, zerrenda alternatiborik ez baita aurkeztu.
Koalizioaren kideek otsailaren 5etik aurrera telematikoki bozkatu ahal izango dute hautagaitza horren eta ponentzia politikoaren gainekoak, eta emaitza otsailaren 8an emango dute, Iruñeko Baluarten egingo duten Kongresuaren amaiera ekitaldian.
Hori horrela, Arnaldo Otegi izango da EH Bilduren idazkari nagusia (aurrerantzean karguaren izena ez da 'koordinatzaile' izango), eta gertuko militanteak izango ditu aldamenean: Sonia Jacinto Antolakuntza idazkari eta Arkaitz Rodriguez Ekintza Politikoko idazkari.
Idazkaritzarako zerrendan agertzen dira, bestalde, Pello Otxandiano koalizioaren Legebiltzarreko bozeramailea eta lehendakarigai izan zena, Nerea Kortajarenarekin, Unai Urruzunorekin eta Gorka Elejabarrietarekin batera, besteak beste.
Antolakuntzari buruzko ponentzian aldaketak izan dira EH Bilduren aginte atalen arloan, eta horrexek dakar idazkaritzaren sorrera, alderdiaren funtzionamenduari buruzko erabakiak hartuko dituena.