Politika -
BRUSELA
Antonio Costak euskal agendarekiko azaldu duen "interesa eta sentsibilitatea" nabarmendu ditu Pradalesek
"Euskal errealitatea ezagutzen du eta uste du Euskadik paper garrantzitsua izan dezakeela Europaren berrindustrializazioan", esan du Pradalesek, Antonio Costa Europar Batasuneko Kontseiluaren presidentearekin bildu ondoren.
EITB MEDIA
"Europako lehen mailako agente batekin ordubetez euskal agendaz hitz egitea oso garrantzitsua da". Imanol Pradales lehendakariak esan ditu hitzok, Antonio Costa Europar Batasuneko Kontseiluaren presidentearekin bildu ondoren, hedabideen aurrean egin duen lehen balorazioan.
Atzotik, Bruselan da lehendakaria, bisita ofizialean, eta hainbat bilera ditu hitzartuta. Asteazken honetan, Costarekin bakarrik ez, Apostolos Tzitzikostas Garraio Jasangarriaren eta Turismoaren Europako komisarioarekin (14:00etan) eta Teresa Ribera Europar Kontseiluko Trantsizio Lehiakorrerako presidenteordearekin (16:10ean) ere elkartuko da. Besteak beste, euskararen ofizialtasuna, kohesio-funtsak eta Makroeskualde Atlantikoa izango dituzte aztergai.
"Europako mahaietan egoteko beharra" nabarmendu du Pradalesek, eta esan du "lehen mailako" agenteekin "alde biko" batzarrak egitea "oso garrantzitsua" dela Euskadirentzat. Zentzu horretan, Costak euskal agendaz duen "sentsibilitatea" eta "ezagutza" nabarmendu ditu. "Euskal errealitatea ezagutzen du eta uste du Euskadik paper garrantzitsua izan dezakeela Europaren berrindustrializazioan eta Europako lehiakortasunerako politiketan". Horrek eskatzen du, Jaurlaritzako gobernuburuaren arabera, eskualde zein nazioen "berezitasunak" aintzat hartzea, baita estaturik gabekoenak ere.
Bestalde, erantsi du, "munduko ordena aldatzen ari den honetan", berebiziko garrantzia hartu duela "Makroeskualde Atlantikoa sortzeko proiektuak", maila guztietan "elkarlana" sustatzeko. "Baikor" azaldu da, eta "giro ona" ikusten du ardatz Atlantikoaren egitasmoa martxan jartzeko.
Euskararen ofizialtasunari buruz ere ari da hitz egiten egunotan lehendakaria Bruselan. Ziurtatu du gaia Europar Batasuneko Kontseiluaren agendan dagoela, "Espainiako Gobernuak hartutako konpromisoei" esker.
Era berean, adierazi du lehendakari den heinean "etengabe" ari dela Europako erakundeetan euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen, eta positibotzat jo du gaia EBren agenda politikoan egotea. "Denbora eman behar zaio. Ez da gai erraza, Europan hainbat hizkuntza daude eta 27 estatuk dute erabakitzeko ahalmena. Akordioa lortu behar da, eta beraz, gauzak poliki eta zuhur egin behar dira (...), Euskaditik ahal dugun guztia egingo dugu", amaitu du.