Politika -
Euzkadi Buru Batzar
EBBko presidentea hautatzeko barne prozesuaren lehen fasea itxi du EAJk
Aberri Berme eta Zaingo Batzordeari dagokio orain (otsailaren 3tik 9ra) bateraezintasunak aztertzea eta hautagaiei prozesuarekin aurrera jarraitu nahi duten ala ez galdetzea. Otsailaren 10ean hasi eta 26an bukatuko da bigarren hautespen aldia.
EITB MEDIA
Bukatu da Euzkadi Buru Batzarra (EBB) berritzeko EAJk duela ia bi aste hasitako barne prozesuaren lehen itzulia.
Martxoaren 29an eta 30ean Donostian egingo duten Batzar Nagusia jopuntu zutela, alderdikideak urtarrilaren 22tik ibili dira EBBko presidentea eta zortzi burukideak aukeratzen.
Astelehenetik aurrera, baina, hurrengo faseari ekingo diote, alderdikideek proposatutako hautagaiek datozen egunetan jakinaraziko baitute lehia horretan jarraitzeko asmoa duten ala ez.
Aberri Berme eta Zaingo Batzordeari dagokio orain (otsailaren 3tik 9ra) bateraezintasunak aztertzea eta hautagaiei prozesuarekin aurrera jarraitu nahi duten ala ez galdetzea. Horretarako, bigarren faseari bide emateko, hiru batzokiren babesa beharko dute aurrera egin nahi duten presidentegaiek.
Nolanahi dela, otsailaren 10a baino lehen eman beharko du horren berri Aberri Berme eta Zaingo Batzordeak, egun horretan hasi eta otsailaren 26an bukatuko baita bigarren hautespen aldia. Bi aste horietan, alderdikideek berriro izango dute buruzagitzarako hautagaia aukeratzeko beta.
Bigarren itzulia amaitutakoan, herrialde batzarrek tokian tokiko batzokietan proposatutako hautagaiak jakinaraziko dituzte.
Era berean, EAJren araudiak jasotzen duen modura, batzar horietako ordezkariek beren lurraldeetan aukeratutako hautagaien artean bozkatu beharko dute Aberri Batzarrean, Batzar Nagusian.
Ehun pertsonak dute botoa emateko eskubidea Aberri Batzarrean, eta lurraldeka aukeratzen dituzte: Bizkaiko Herrialde Batzarrak 38 ordezkari aukeratzen ditu, Gipuzkoakoak 19, Arabakoak 18, Nafarroakoak 15 eta Iparraldekoak 5. Madril, Argentina, Txile, Mexiko eta Venezuelako Euzkadiz kanpoko erakundeetan, berriz, bana aukeratzen dute.