Politika -

Eskumen gehiago

Ertzaintzak Bilboko eta Pasaiako portuetan jardungo du gaurtik aurrera, funtzio berriekin

Aurrerantzean, portuetan bertan eta sarbide mugatuko eremuetan herritarren babesaz, bide segurtasunaz eta itsas eta aire espazioaren kontrolaz arduratuko dira Ertzaintzaren agenteak.

Ertzaintzak Bilboko Portuan dituen azpiegitura berriak. EITB Media
Ertzaintzak Bilboko Portuan dituen azpiegitura berriak.
Ertzaintzak bere gain hartu du EAEko portuen segurtasuna

0:43

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bere egin ditu Bilboko Portuan (Santurtzi, Bizkaia) zein Pasaiakoan (Gipuzkoa) izango dituen eginkizun berriak, eta hala, segurtasun alorrean, jardunean hasi da gaur, Gernikako Estatutuak jasotzen duenari men eginda.

Ertzaintzaren eskumenak zabaldu berritan, agenteek EAEko lurralde osoan dituzten funtzioak berberak izango dituzte aurrerantzean portuetako azpiegitura kritikoetan ere. Hala nola, herritarren babesa, bide segurtasuna, eta itsas eta aire espazioaren kontrola. Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren esku jarraituko dute segurtasunarekin lotutako jarduera nagusiek: mugen zaintzak, narkotrafikoaren aurkako borrokak eta aduanak.

Bilboko Portuan paratu duten Herritarren Arretarako Bulegoan irudikatu dute zeregin berrien hasiera, protokolozko ekitaldi batean. Ekitaldian izan dira Imanol Pradales lehendakaria, Bingen Zupiria Segurtasun sailburua, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria eta Ricardo Barkala eta Joakin Telleria Bilboko eta Pasaiako Portu Agintaritzetako presidenteak, beste agintari batzuekin batera.

Lehendakariaren ustez, "gaur aurrerapauso bat ematen ari gara" euskal autogobernuaren garapenean, eta azpimarratu duenez, "ez da azkena izango." Izan ere, Euskadik XXI. mendean "esparru berri bat" behar duela aldarrikatu du. Ertzainei ere zuzendu zaie eta "harro" dagoela nabarmendu du. "Badakigu ez duzuela huts egingo. Badakigu behar zaituztegunean beti hor izango zaituztegula", nabarmendu du.

Azpiegitura eta baliabide gehiago

Gaurtik aurrera, Ertzaintzak Herritarren Arretarako Bulegoa du Bilboko Portuan, baita ontzientzat atrakalekuak ere. Oraingoz, 20 dira lanean dauden agenteak (Muskizko ertzain-etxekoak denak ere), baina hilabete barru, 30 izango dira. Gainera, Zaintza eta Erreskate Unitateko agenteak izango dituzte lagun (unitate horretan 11 agente gehiago bilduko dira etorkizunean).

Pasaiako Portuko Herritarren Arretarako Bulegoa portuko Kontsignatarioak izeneko eraikinean egongo da. Sei ertzain (Errenteriako komisariakoak) izango dira jardunean; halako bi (12), martxoan. Horiek ere Zaintza eta Erreskate Unitatearen laguntza izango dute.

Portuan ez ezik, EAEko aireportuetan ere eginkizun berriak izango ditu Ertzaintzak, uztailean, EAEko Segurtasun Batzordearen azken bileran, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostu zutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Santurtzi Bizkaia Bilboko Portua Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua