Politika -
PSE-EE-ren 10. Kongresua
Sanchezek irekiko du PSE-EEren X. Kongresua, eta Zapaterok eta lau ministrok parte hartuko dute
Euskadiko Alderdi Sozialistak otsailaren 14tik 16ra bitartean egingo du bere X. Kongresua. Eneko Andueza egungo idazkari nagusia bigarrenez hautatuko dute.
AGENTZIAK | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu eta PSOEren idazkari nagusi ere badenak irekiko du PSE-EEren X. Kongresua datorren otsailaren 15ean. Horrez gain, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente izandakoak eta lau ministrok ere parte hartuko dute.
Euskadiko Alderdi Sozialistak otsailaren 14tik 16ra bitartean egingo du bere X. Kongresua, "Euskadi, hemen eta orain" lelopean. Eneko Andueza egungo idazkari nagusia bigarrenez hautatuko dute.
Kongresua ostiralean hasiko da etxebizitzari buruzko eztabaida batekin, larunbatean Pedro Sanchezek hitza hartuko du, eta igandean ponentziak eta zuzendaritzako karguak bozkatuko dira, idazkari nagusiarena barne.
Gaur Bilbon egin duten aurkezpen ekitaldian PSE-EEko buruzagiek azpimarratu dutenez, euskal sozialisten helburua "herri hau gidatzea" da. Halaber, argi utzi nahi izan dute Euskadi dela beren "lehentasun" bakarra.