Politika -
EAJ
Ortuzar, Esteban ala Olano? EBBren presidente kargurako lasterketan, uste baino lehia handiagoa
Aste erabakigarrian sartu da EAJren zuzendaritza berritzeko prozesua, mahai gainean hiru izen direla: Andoni Ortuzar, Aitor Esteban eta Markel Olano. Datozen egunotan argitu beharko dute hirurek alderdiaren presidente izateko lehian jarraituko duten edo ez.
EITB MEDIA
EAJren Euzkadi Buru Batzarra (EBB) berritzeko prozesuan atzo amaitu zen lehen itzulia, ustekabekoarekin amaitu ere. Ezustean, Andoni Ortuzar jeltzaleen egungo presidentea eta Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen eleduna berdinduta daude Bizkaian. Nolanahi ere, lurralde guztietako botoak zenbatuta, Ortuzarrek babes gehiago erdietsi du aurreneko fasean. Eta bi horiekin batera, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusi izandakoak eta egun legebiltzarkide denak ere bigarren itzulirako aukera du, batez ere, Gipuzkoako batzokiek eman dioten babesagatik. Lehian nortzuek jarraituko duten da orain galdera nagusia.
Sabin Etxeak datu ofizialik eman ez duen arren, Ortuzar da oinarrien babes zabalena jaso duena. Bereziki, Araban, Nafarroan eta Iparraldean alde handiarekin gailenduta. Bizkaian, aldiz, EAJk militante eta uri batzar kopuru handiena duen lurraldean, oso parekatuta daude EBBren egungo burua eta Esteban. Eta Gipuzkoari dagokionez, Olanoren izena entzun da ozenen alderdiaren lidergoa hartzeko lehian.
Orain, Aberri Berme eta Zaingo Batzordeari dagokio bateraezintasunak aztertzea eta hautagaiei prozesuarekin aurrera jarraitu nahi duten ala ez galdetzea. Otsailaren 3tik 9ra arteko epea du horretarako. Datozen egunetan jakingo da, beraz, zenbatek eta nortzuek erabaki duten bigarren itzulira aurkeztea.
Esteban 70 batzoki ingurutan gailendu da, eta haren ingurukoek helarazi dute proposamena onartzeko borondatea badaukala. Bestalde, Gipuzkoan Olano nagusitu izana bertako oinarrien mezu gisa interpretatzen da, lurraldeak hurrengo zuzendaritzan eragin handiagoa izan dezan, nahiz eta presindente kargurik zertan izan ez. Diputatu nagusi izandakoak 30 batzokiren babesa jaso du, gutxi gorabehera.
Gauzak horrela, momentuz pistarik ematen ez duen Ortuzarren erabakian dago gako nagusia. 110 bat batzokitan gailendu da bere izena, eta aurrera jarraituz gero, aurrekaririk gabeko egoera sortuko litzateke EAJn: adin berekoak, ideologikoki ildo berekoak eta arlo pertsonalean hezur eta mami izan diren bi buruzagi bizkaitarren arteko lehia, alderdiaren presidentetza hartzeko.
Otsailaren 10etik 26ra, bigarren bozaldia
Aste erabakigarrian sartu da, beraz, EAJren zuzendaritza berritzeko prozesua. Zazpi egun dituzte Ortuzarrek, Estebanek eta Olanok lehian jarraitu nahi duten edo ez argitzeko. Gaur zortzi, otsailaren 10ean, hasiko da batzokietan bigarren bozketa-aldia, eta otsailaren 26ra arteko epea dute alderdikideek buruzagitzarako hautagaia aukeratzeko.
Bigarren itzulia amaitutakoan, herrialde batzarrek tokian tokiko batzokietan proposatutako hautagaiak jakinaraziko dituzte. Era berean, EAJren araudiak jasotzen duen modura, batzar horietako ordezkariek beren lurraldeetan aukeratutako hautagaien artean bozkatu beharko dute Aberri Batzarrean, Batzar Nagusian.
Ehun pertsonak dute botoa emateko eskubidea Aberri Batzarrean, eta lurraldeka aukeratzen dituzte: Bizkaiko Herrialde Batzarrak 38 ordezkari aukeratzen ditu, Gipuzkoakoak 19, Arabakoak 18, Nafarroakoak 15 eta Iparraldekoak 5. Madril, Argentina, Txile, Mexiko eta Venezuelako Euzkadiz kanpoko erakundeetan, berriz, bana aukeratzen dute.