Politika -
Otsailaren 7tik 8ra
EH Bilduk Otegiren lidergoa berrituko du asteburuan Iruñean egingo duen III. Kongresuan
Bilkideek otsailaren 6tik aurrera telematikoki bozkatu ahal izango dute zuzendaritza berria eta ponentzia politikoa, eta emaitza otsailaren 8an emango dute, Iruñeko Baluarten egingo duten III. Kongresuaren amaiera ekitaldian.
AGENTZIAK | EITB Media
EH Bilduren zuzendaritza berritzeko prozesua asteburuan amaituko da, Iruñeko Baluarten egingo den III. Kongresuarekin. Arnaldo Otegi buru duen zerrenda izan da aurkeztu den bakarra, eta, hortaz, bera izango da idazkari nagusia.
Otsailaren 6tik aurrera, EH Bilduko kideek telematikoki bozkatu ahal izango dute zuzendaritza berria eta ponentzia politikoaren gainekoak.
Zerrenda alternatiborik aurkeztu ez izanak agerian uzten du buruzagiaren inguruan eta koalizioa osatzen duten hiru alderdien artean (Sortu, EA eta Alternatiba) dagoen sintonia ona.
Aurrerantzean EH Bilduk ez du koordinatzailerik izango, idazkari nagusia baizik, eta Arnaldo Otegi izango da.
Halaber, EH Bilduk bere egitura aldatuko du. Mahai Politikoak 33 kide izango ditu eta bi hilabetez behin bilduko da, eta, zuzendaritza, berriz, 16 pertsonak osatuko dute. Bi organo horien buru Otegi izango da.
EAk eta Alternatibak ez dute ordezkaritzarik izango zuzendaritzan. Arnaldo Otegi idazkari nagusiak gertuko militanteak izango ditu aldamenean: Sonia Jacinto Antolakuntza idazkaria eta Arkaitz Rodriguez Ekintza Politikoko idazkaria, esaterako.
Zuzendaritzan ez bezala, Mahai Politikoan ordezkaritza izango dute EAk (Eba Blanco) eta Alternatibak (Oskar Matute).
EH Bilduk ostiralean abiatuko du III. Kongresua eta lehen egunean, besteak beste, Arnaldo Otegik eta atzerritik etorritako gonbidatuek (Sinn Fein, ANC eta Morena).
Larunbatean zuzendaritza berria eta ponentzia politikoaren gaineko bozketaren emaitzak jakinaraziko dituzte Kongresuaren amaiera ekitaldian.