Politika -

EAJ

Andoni Ortuzarrek eta Markel Olanok atzera egin dute, eta Aitor Esteban izango da EAJko presidentea

EAJko diputatua hautagai bakarra da orain EBBko presidente izateko barne prozesuan, Ortuzarrek eta Olanok bigarren itzulira pasatzeari uko egin dute eta.

Andoni Ortuzar eta Aitor Esteban. EITB Media
Andoni Ortuzar eta Aitor Esteban. EITB Media
Andoni Ortuzar eta Aitor Esteban. EITB Media

EITb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJren Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidentea izateko bidea erabat argitu da ostegun honetan: eguerdian Andoni Ortuzar alderdiaren egungo presidenteak atzera egin, eta uko egin dio bigarren itzulira pasatzeari, eta arratsaldeko lehen orduan gauza bera egin du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiak. Horrenbestez, Aitor Esteban diputatua izango da EBBko lehendakari berria.

Prozesuaren lehen itzulian, Ortuzar izan zen hautagai babestuena, 110 bat batzokitan lortu baitzuen garaipena. Aldiz, Esteban 70 bat batzokitan izan zen garaile, eta Olano 30tan, denak Gipuzkoan, EITBk bildutako datuen arabera (izan ere, EAJk ez du prozesuaren datu ofizialik ematen).

Ortuzarrek eta Olanok uko egin ondoren, baina, Esteban da orain hautagai bakarra. Otsailaren 10etik 26ra da egitekoa bigarren itzulia EAJren udal asanbleetan.

Andoni Ortuzar, 12 urte EBBren buru
Andoni Ortuzar, 12 urte EBBren buru
Andoni Ortuzar, 12 urte EBBren buru

3:04

Ortuzar: "Arduragabekeria litzateke"

EAJren barne prozesuak eguerdia aldera egin du norabide aldaketa, Ortuzarrek agurra iragarri duenean.

"Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaritzarako barne-prozesuaren bigarren itzulira ez pasatzea erabaki dut. Luze pentsatutako erabakia da", esan du, erabakiaren berri emateko  'Batasuna da indarra' goiburupean militantziari sare sozialen bidez zuzendutako gutun batean.

Lehen itzuliko emaitzak ikusi ondoren egindako gogoetak eraman du Ortuzar erabakia hartzera, EAJn "berritzeari tokia" uzteko. "Emaitzak ikusita, uste dut berriro aztertu behar dudala nire jarrera eta nire barru-barruko lehen uste sendora itzuli, hau da, berritzeari tokia uztea, berritzeari paso ematea", esan du, hitzez hitzez.

Ortuzarren arabera, "beste hautagaitza bat sortu da anbizio nahikoarekin EBBko presidentetza gidatzeko" eta "arduragabekeria" litzateke bera bigarren itzulira pasatzea,  "Alderdiaren barruan zatiketa izateko arriskua" legokeelako. Hala, ziurtatu du "Alderdian eta haren etorkizunean" pentsatuta hartu duela atzera egiteko erabakia. Iritzi dio hau dela "bigarren itzuliko prozesua ahalik eta ondoen" egiteko bidea. "Elkartzeko unea da, eta hori da nik orain sustatu behar dudana. Batasuna da indarra".

Horrela azaldu du Andoni Ortuzarrek EBBko presidentetzarako lehia uzteko erabakia
Horrela azaldu du Andoni Ortuzarrek EBBko presidentetzarako lehia uzteko erabakia
Horrela azaldu du Andoni Ortuzarrek EBBko presidentetzarako lehia uzteko erabakia

5:25

Olano: "Esteban presidente bikaina izango da"

EAJko egungo presidenteak prozesuan jarraitzea errefusatu eta ordu batzuetara, Markel Olano ere bide beretik ibili da: "Andoni Ortuzarri eskerrak eman nahi dizkiot gure herriaren alde egin duen guztiagatik. Ortuzarrek eta Estebanek dioten bezala, batasuna eta partehartzea aintzat hartuz, EBBko lehendakari izateko bigarren itzulira ez naiz pasako. Eskerrik asko babesa eman didazuen alderdikideei", adierazi du, sare sozialetan publikatutako mezu batean.

Ondoren, agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, eta berretsi du EAJk "batasuna eta indarra" behar dituela une honetan, "asko baitira erronkak". "Eta elkarrekin helduko diegu", gaineratu du.

Hori bai, legebiltzarkideak ez du baztertu alderdiko zuzendaritzako kide izatea, eta Esteban "presidente bikaina" izango dela iritzi dio.

Olanok uko egin dio EBBren presidente izateko aukerari, baina burukide izateko hautagaitzari eusten dio
Olanok uko egin dio EBBren presidente izateko aukerari, baina burukide izateko hautagaitzari eusten dio
Olanok uko egin dio EBBren presidente izateko aukerari, baina burukide izateko hautagaitzari eusten dio

0:28

Esteban: "Onena emango dut"

Ortuzarren erabakia ezagutu eta gero, baina Olanorena publiko egin aurretik, Aitor Estebanek iragarri du bigarren itzulira pasatzeko prest dagoela: "Nire onena emango dut alderdi honek mende berri batek eskatzen dizkigun erronkei aurre egiteko".

Alderdi jeltzaleak Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak sare sozialetan zabaldutako gutun batean azaldu duenez, "hunkituta eta eskertuta nago emandako konfiantza- eta babes-adierazpenengatik, eta nire gain hartzen dut bigarren itzulira igarotzeko nire izendapena onartzeko erantzukizuna".

"EBBko lehendakari hautatuko baninduzue, ahal bezain ondo jardungo dut Alderdi honek mende berri batek eta belaunaldi berriek eskatzen dizkiguten erronkei aurre egin diezaien", gaineratu du.

Halaber, eskerrak eman dizkio Ortuzarri alderdiaren buruzagitzan igarotako urte horiengatik guztiengatik. "Alderdiko emakumeek eta gizonek beren onena eman dute lan horretan. Eta hala egin du, zalantzarik gabe, Andoni Ortuzarrek; neure laguna, berarekin partekatu ditut lan, etsipen eta pozez beteriko jardunaldi asko, beti gidari dugun Euzkotarren aberria Euzkadi da egia bihurtu nahian", nabarmendu du.

Aitor Esteban, alderdiko gizona eta bokaziozko politikaria
Aitor Esteban, alderdiko gizona eta bokaziozko politikaria
Aitor Esteban, alderdiko gizona eta bokaziozko politikaria

1:13

Eta orain, zer?

Hemendik aurrera, EAJk bide lasaia izango du zuzendaritza berritzeko. Azaroan abiatu zuen prozesua, eta harrezkero lurraldeetako Presidentetzak berritu ditu: Iñigo Ansola (Bizkaia), Jone Berriozabal (Araba), Maria Eugenia Arrizabalaga (Gipuzkoa), Unai Hualde (Nafarroa) eta Pantxoa Bimboire (Iparraldea).

Buruzagi horiek, EBBren presidente berriak eta beste zortzi burukidek osatuko dute, hain zuzen ere, EAJren zuzendaritza.

Barne prozesua martxoaren 29an eta 30ean bukatuko da, Donostian egitekoa den Batzar Nagusian.

Bertan, hurrengo lau urteetarako txosten politikoak ere onartuko dituzte.

Pradalesek eskerrak eman dizkio Ortuzarri, eta EAJren sendotasuna nabarmendu du, bere erabakiaren ostean
Pradalesek eskerrak eman dizkio Ortuzarri, eta EAJren sendotasuna nabarmendu du, bere erabakiaren ostean
Pradalesek eskerrak eman dizkio Ortuzarri, eta EAJren sendotasuna nabarmendu du, bere erabakiaren ostean

0:41
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Andoni Ortuzar albisteak Markel Olano Eguneko albisteak Albisteak