Politika -
BARNE-HAUTESKUNDEAK
Urkulluk EAJren "katea" indartzeko deia egin die jeltzaleei
Lehendakaria ziur da alderdiaren lehen lerroan eta gainerakoetan babesa ematen ari direnen "indarraz, konpromisoaz eta batasunaz".
eitb media
Iñigo Urkulluk, duela hilabete gutxi arte Eusko Jaurlaritzaren lehendakari izan denak, gutun bat argitaratu du Noticias Taldeko komunikabideetan EAJren barne-prozesuaren inguruan iritzia emateko, eta alderdiaren "katea" indartzeko deia egiteko, "katea ez dadin eten".
Andoni Ortuzarrek alderdiaren buruzagitzari uko egin eta kargua Aitor Estebani esku-eskura utzi ostean, lehendakariak esan du ziur dela alderdikideen konpromisoaz eta "sen onaz" aipatu katea indartzeko.
Urkulluk "EAJren katebegi bakoitzaren sen ona" azpimarratu du. "Militante bakoitzak izan dugun jokabideak ahalbidetu dute EAJren katea eraikitzea", azaldu du.
Horren esanetan, beste alderdi batzuen barne-hauteskunde prozesuekin alderatuta, "agerikoak dira desberdintasunak", bereziki jeltzaleek prozeduretan duten "burujabetzagatik".
Inoren izena aipatu gabe, Iñigo Urkulluk gutunean dio une honetan "bereziki" txalotzen duela pertsona batzuen "jarrera, jokabide enpatikoa" eta "proiektu partekatuarekiko ardura erantzunkidea".
Amaitzeko, "katebegi bakoitzaren indarrean, konpromisoan eta batasunean" jarri du esperantza.