Politika -
Diputatuen Kongresua
Omnibus dekretuak dakarren pentsio igoera eta garraiorako laguntzak onartuko ditu gaur Kongresuak
Espainiako Gobernua duela bi aste saiatu zen omnibus dekretu bat onartzen, baina PPk, Juntsek eta Voxek atzera bota zuten.
Agentziak | EITB Media
Diputatuen Kongresuak gaur onartuko ditu pentsioen igoera, garraiorako deskontuak luzatzea eta GOIDIak kaltetutako pertsonei zuzendutako dirulaguntzak. Neurri horiek guztiak aurten ganberara iritsiko den bigarren omnibus dekretuan jasota daude.
Espainiako Gobernua duela bi aste saiatu zen omnibus dekretu bat onartzen, baina PPk, Juntsek eta Voxek atzera bota zuten.
Carles Puigdemonten alderdikoekin negoziatu ondoren, PSOEk Juntsen baiezkoa lortu zuen, Pedro Sanchezi konfiantza galdea egin ziezaiola eskatzeko ekimena tramitatzearen truke, eta neurri ekonomiko eta zerga zehatz batzuk dekretutik kanpo utzi ondoren, hala nola bankuen gaineko zerga aldatzea eta industria elektro intentsiboari laguntzak ematea.
Junts erakarri ondoren, Ministroen Kontseiluak bigarren lege-dekretua onartu zuen, eta orain baliozkotu egin behar da. Orduan PPk ere erabaki zuen baiezkora jotzea, nahiz eta testu berriak Alderdi Popularrak aurreko dekretuan arbuiatzen zituen gaiak jasotzen dituen, hala nola Parisko eraikina EAJri itzultzea, pertsona zaurgarriak etxegabetzea debekatzea eta Feijooren alderdikoek eskatzen zuten argiaren BEZa ez jaistea.
Horrela, dekretu berria ere heterogeneoa da, pentsioak, etxegabetzeen debekua, garraioaren deskontuak, GOIDIak eta La Palmako sumendiak kaltetutakoentzako dirulaguntzak, eta Parisko eraikina EAJri lagatzea jasotzen baititu. Gai hori dela eta, PPk jeltzaleen aurka egin zuen Kongresuko eztabaidetan, eta baita prentsaurrekoetan ere.
Zehazki, dekretuak kotizazio bidezko pentsioak 2025ean % 2,8 igotzea jasotzen du. Gutxieneko pentsioen kasuan, igoera % 6koa da, eta kotizazio gabeko pentsioen eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren kasuan, berriz, % 9koa.
Espainiako Gobernuak onartutako arauak honako hauek ere jasotzen ditu: 2025az geroztik elkartasun-kuota aplikatzea, gehieneko kotizazio-oinarriak igotzea, gehieneko pentsioa igotzea hilean 3.267,6 eurora arte, eta belaunaldien arteko ekitate-mekanismoa igotzea.
Era berean, garraio publikorako laguntzak 2025eko ekainera arte luzatzea jasotzen da neurrian; bai eta pertsona zaurgarrientzako oinarrizko hornidurak bermatzea eta etxegabetzeak debekatzea, eta Valentziako denboraleak eta La Palmako sumendiak kaltetutakoentzako dirulaguntzak ere.