Politika -
ESPAINIAKO GOBERNUA
Gutxieneko errentaren igoera defendatu du Sanchezek Kongresuan, tributazioaren polemikan sartu gabe
Atzo iragarritakoaren arabera, aurrerantzean gutxieneko soldata ez da errenta aitorpena aurkezteaz salbuetsita egongo, eta hori gogor kritikatu du Alberto Nuñez Feijoo oposizioburu popularrak. Esan duenez, neurria "ez da aurrerakoia".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuari urteko lehen kontrol saioa hartu du gaur Diputatuen Kongresuak. Hain zuzen, lanbidearteko gutxieneko soldata 1.184 eurora (14 ordainketatan) igotzea erabaki eta ordainsari hori aurrerantzean Ogasunaren aurrean aitortu egin beharko dela iragarri eta biharamunean ari dira bilkura egiten, eta, nola ez, gaiak berebiziko protagonismoa hartu du hasieratik.
______________________________________________________________________________________
______________________________________________________________________________________
Bere hitzaldian, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gutxieneko errentaren igoera irmo defendatu du, baina ez da tributazioaren polemikan sartu. Are gehiago, ziurtatu du gaiak ez duela krisirik eragin PSOE eta Sumar artean. "Inondik ere ez", erantzun die polemikaz galdetu dioten kazetariei, saiotik atera berritan.
Gobernuburu espainiarraren hitzetan, lanbidearteko soldata igota "gauza garrantzitsuak" lortu dira, eta horien artean, "gizon eta emakume langileen arteko soldata arrakala" murriztea aipatu du. "Gutxieneko errenta jasotzen duten langileen % 60 emakumeak dira", erantsi du.
Bere aldetik, Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularraren presidenteak beste behin gogor kritikatu du Gobernuaren jarduna. Salatu duenez, hemendik aurrera gutxieneko errenta aitorpena aurkezteaz salbuetsita ez egotea ez da "neurri aurrerakoia", kopurua igo arren. "Soldata igoeraren erdia Gobernuarentzat bada, neurria ez da aurrerakoia. Hemen ez dago justizia sozialik".
Yolanda Diaz Sumarren buruari eta Lan ministroari ere zuzendu zaio Feijoo. "Diaz anderea, hau Pablo Iglesiasi ez zioten sartuko", esan dio.
Erreplikarako txandan, Sanchezek atzera berriz hitza hartu eta kritikei erantzun die, 2018an PPk 735 eurotan utzitako gutxieneko soldata 2025ean 1.184ra igo diela gogorarazita.