Politika -
Osakidetza
Santiago Ospitaleko larrialdiak martxoaren 31n irekiko dituzte berriro
Santiago Ospitaleko larrialdiak 2022ko otsailean itxi zituzten. Zerbitzu berriak gutxienez bi kontsulta izango ditu, eta 24 orduz egongo dira zabalik.
EITB Media
Imanol Pradales lehendakaria eta Alberto Martínez Osasun sailburua Gasteizko San Martin anbulatorioan izan dira. Legealdiko lehen hilabeteen balantzea egin dute, eta Santiago Ospitaleko larrialdiak martxoaren 31n berriro irekiko dituztela iragarri dute. Zerbitzu berriak gutxienez bi kontsulta izango ditu, eta 24 orduz egongo dira zabalik.
Santiago Ospitaleko larrialdiak 2022ko otsailean itxi zituzten. Azken hilabeteetan, zenbait zerbitzu ematen jarraitu dute, baina herritarrek Txagorritxura joan behar izan dute arreta jasotzera.
Hitzaldian, lehendakariak Jaurlaritzak Osakidetza indartzeko hartutako neurri nagusiak gogoratu ditu. Besteak beste, Osakidetzako itxaron-zerrendak izan ditu hizpide. Adierazi duenez, abian jarritako planak 1,7 egunera murriztu du Lehen Mailako Arretaren atzerapena, eta itxaron-zerrenda kirurgikoak eta kontsultakoak 60 egunetik behera kokatu dira. Hitzartutako asistentzia sanitariora bideratutako pazienteen kopurua nabarmen murriztu dela gaineratu du.
Euskadiko osasunaren aldeko ituna lortzeko osatu den lantaldea egiten ari den lana ere azpimarratu du Pradalesek, foro horrek "balio handiko lan eta lankidetza esparru iraunkorra eskaintzen" duela iritzita.
Hirugarren fasean sartuko da orain foroa, fase "konplexuenean", lehendakariaren hitzetan. Osakidetza gidatu beharko duten ildo estrategikoei helduko zaie bertan.
Pradalesek azpimarratu duenez, fase honetan gai garrantzitsuak aztertuko dira, osasun-sistemaren antolaketa, onkologiaren ikuspegia, osasun mentala, berrikuntza eta digitalizazioa, eta pazienteen parte-hartzea, besteak beste. Hori dela eta, etapa honi "lehenengo biei heldu zaien espiritu berarekin" ekin behar zaiola adierazi du, "biharko Osakidetza onena bermatzeko adostasuna bilatuz".
Lehendakariak, gainera, herritarren osasun arreta hobetzeko lanean jarraitzeko beharra azpimarratu du.