Politika -

EPAIA

Bederatzi pertsona zigortu dituzte, Bilbon 2019an Vox alderdiaren hauteskunde-ekitaldi bat galarazteagatik

Auzipetuek oldarkortasun, larderia eta indarkeria giroa sortu zutela eta horrek hauteskunde ekitaldia normaltasunez egitea eragotzi zuela ebatzi du auzitegiak. Epaia ez da irmoa eta EAEko Auzitegi Nagusian helegitea jar daiteke.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Auzitegiak 4 eta 10 hilabete arteko espetxe zigorrak ezarri dizkie bederatzi laguni, Bilbon 2019ko azaroaren 5ean Voxen hauteskunde-ekitaldi bat galarazteagatik. Otsailaren 11ko data duen epaiak frogatutzat jo du akusatuek Voxen idearioaren hedapena galarazteko asmoarekin jokatu zutela, ekitaldia normaltasunez egitea eragotzi baitzuten.

Ebazpenaren arabera, akusatuek modu aktiboan parte hartu zuten Atxuriko Enkarnazio Plazan izandako istiluetan. Han, 150 bat lagun bildu ziren. Ekitaldian, irainak eta mehatxuak bota zizkieten Voxen kideei, eta polizia-lerroa urratzen saiatu ziren; ondorioz, alderdiak ezin izan zuen bere hauteskunde-programaren berri eman, Hauteskunde Legeak baimentzen duen bezala.

16:00ak eta 20:00ak bitartean informazio karpa bat jartzeko asmoa zuen Voxek, baina ekitaldia bertan behera geratu zen, irainak eta adierazpen iraingarriak botatzen zituzten manifestariak iritsi zirelako. Epaiaren arabera, Nerea Alzola Voxen Bizkaiko ordezkariaren aurkako mehatxuak ere izan ziren, eta karpan zeudenei eraso egiten saiatu ziren.

Auzipetuek oldarkortasun, larderia eta indarkeria giroa sortu zutela eta horrek hauteskunde-ekitaldia normaltasunez egitea eragotzi zuela ebatzi du auzitegiak. Akusatuetako zortzik egindakoa onartu zuten, eta epaimahaiak aringarria ezarri zien. Hala ere, gorroto, hertsapen eta irain delituetatik absolbitu zituzten.

Epaia ez da irmoa eta EAEko Auzitegi Nagusian helegitea jar dezakete. Vox pozik agertu da epaiarekin, nahikoa ez dela uste duen arren, eta beste alderdi politiko batzuen babes falta kritikatu du, Euskadin bere alderdiaren aurkako jazarpen sistematikoa dela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Vox