Politika -
Epaiketa Londresen
Troitiño Espainiara estraditatzeko epaiketa atzeratu egin da
Epaiketa 2013ko urtarrilaren 14an eta 15ean egingo da, baina Troitiñok epaitegira joan beharko du azaroaren 13an, eta bien bitartean, espetxean jarraituko du.
Erredakzioa
Britainia Handiko epaitegi batek Antonio Troitiño Arranz ETAko presoa Espainiara estraditatzeko epaiketa atzeratzea erabaki du, eta gainera, behin-behineko askatasuna ukatu dio epaileak eta espetxean jarraitu beharko du.
Troitiño Espainiara estraditatu ala ez erabakitzeko epaiketa 2013ko urtarrilaren 14an eta 15ean egingo da. Aurrez, azaroaren 13an, Troitiñok Westminsterreko auzitegiko Michael Snow epailearen aurrera agertu beharko du.
Uztailean “Parot doktrina”ren aurkako epaia eman zuen Estrasburgoko auzitegiak, giza eskubideak urratzen zituela argudiatuta. Ondoren, Espainiak helegitea aurkeztu zuen erabaki horren aurka, eta Estrasburgoko epaitegiak Espainiaren helegitea tramitera onartzen duen ala ez jakin nahi du Michael Snow epaileak, Troitiñoren auzian erabaki bat hartu aurretik.
ETAko presoaren abokatuak Troitiño behin-behinean aske gelditzea eskatu du, baina epaileak ukatu egin dio bermepean aske geratzeko aukera, irailaren 21ean egin zuen bezala.
Westminsterreko auzitegiko epaileak Troitiño aske ez uztea erabaki du, Londresen zein baldintzatan atxilotu zuten kontuan hartuta.
Troitiño (55 urte) ekainaren 29an atxilotu zuten Londresko pisu batean. Bertan, paperik gabeko bi etorkin, 8.000 libra dirutan (9.920 euro) eta hainbat nortasun agiri aurkitu zituen Poliziak. Epailearen iritziz, Troitiño bermepean aske utzita, litekeena da presoak fidantzapeko askatasuna urratzea, eta “agintarien aurrera ez azaltzea”.