Politika -

Memoria historikoa

Fernando Buesa eta Jorge Diez omendu dituzte ETAk hil zitueneko 25. urteurrenean

2000ko otsailaren 22tik urtero bezala, senideak, lankide ohiak, erakundeetako ordezkariak eta herritarrak Gasteizko Askatasunaren Lorategietan bildu dira, bien oroimenezko monolitoaren ondoan, lore-eskaintza egiteko.

Omenaldia, gaur. @Fundacion_Buesa
Omenaldia, gaur. @Fundacion_Buesa
Lore-eskaintza jendetsua Fernando Buesa eta Jorge Diezi, haien erailketatik 25 urtera

0:43

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Buesa politikari sozialista eta haren bizkartzaina, Jorge Diez ertzaina, omendu dituzte larunbat honetan haien familiek, lagunek eta erakundeetako eta euskal alderdietako ordezkariek, ETAk hil zituela 25 urte bete diren egunean.

Omenaldia Gasteizen egin da, Buesa eta Diezen oroimenez 2000ko otsailaren 22an biak hil zituzten tokian eraiki zen monolitoaren ondoan, Nieves Cano eta Aguirre Miramon kaleak elkartzen diren tokian.

Atentatua Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde, Arabako ahaldun nagusi eta Eusko Legebiltzarreko PSE-EEren bozeramaile izandakoaren etxebizitzatik gertu gertatu zen. Jorge Diez Elorza gasteiztarra zuen une hartan bizkartzain, Ertzaintzaren hamahirugarren promozioko agentea.

Urtero bezala, Buesaren alarguna, Natividad Rodríguez, eta Diezen gurasoak izan dira monolitoan arrosa gorriak jarri dituzten lehenak, Imanol Larzabal kantariaren Ausencia kantua entzuten zen bitartean.

Ondoren, gainerako senideek loreak utzi dituzte, baita erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariek ere, Imanol Pradales lehendakariak tartean.

Duela urte batzuetatik hona ohiko den gisan, EH Bilduko ordezkaritza bat bertaratu da, oraingo honetan Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko bozeramailea eta Rocio Vitero koalizio abertzaleak Gasteizko Udalean duen bozeramailea buru zirela.

Loreak jartzeko ilaran zirela, baina, Jorge Diezen ama, Begoña Elorza, haiengana hurbildu da, eta bertatik erretiratzeko eskatu die keinuen bidez. Une horretan, EH Bilduko ordezkariek ilaratik aldentzea erabaki dute, eta azkenean ez dituzte loreak utzi.

Gero, komunikabideek gertatutakoari buruz galdetu diotenean, Diezen amak uko egin dio adierazpenik egiteari.

Ekitaldian izan dira euskal sozialisten ordezkaritza handi bat, Eneko Andueza idazkari nagusia buru zuela, baita Andoni Ortuzar EAJko presidentea, Eusko Jaurlaritzako zenbait sailburu, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Maider Etxebarria Gasteizko alkatea ere.

Euskal alderdi politiko guztiek bidali dituzte ordezkari instituzionalak, Voxek izan ezik. Consuelo Ordoñez ere bertan izan da, Gregorio Ordoñez ETAk hildako PPko zinegotzi donostiarraren arreba.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Atentatuak ETA Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Memoria Historikoa