Politika -
Krisia Nabain
Nabaik Manu Aierdi eta Patxi Leuza talde parlamentariotik at utzi ditu
Aralarrek (gehiengoa du Nabai taldean) Manu Aierdi eta Patxi Leuza taldetik at uztea erabaki du hainbat ekimen eurekin adostu gabe aurkeztu dituztela argudiatuta.
Erredakzioa
Nabaik Manu Aierdi (EAJren Nafarroako Buru Batzarreko presidentea ) eta Patxi Leuza parlamentarioak taldetik at uztea erabaki du Parlamentuan hainbat ekimen "era pertsonalean eta koalizioaren babesik gabe" aurkeztu dituztela argudiatuta.
Gaur bertan jakitera eman dutenaren arabera, Nabai taldeak EAJrekin "akordio negoziatu batera iristeko ezintasuna dela eta" hartu du erabakia, izan ere, EAJk Zabaltzen ere bileran egotea nahi zuen, baina Aralarren ez du onartu.
"Aierdiren eta Leuzaren jarrera desleialak egoera zail batean jartzen gaitu", diote oharrean.
Erabaki horretara iritsi baino lehen, "irtenbide negoziatu" bat bilatzen saiatu direla gaineratu dute. Bilera bat egin baino ordu batzuk lehenago, "EAJk bertan behera uztea erabaki du, Zabaltzen egotea nahi zuelako", azaldu dute, eta 2011 Nabai sortu zenean, elkarte hori existitzen ez zela argudiatu dute, "Koalizioa Aralarrekin eta EAJrekin osatu zen".
Nabaik zortzi parlamentario ditu eta orain sei izango dira, bi hauek talde mistora pasatuko baitira.
Manu Aierdiren eta Patxi Leuzaren iritziz, egoera "tamalgarria" da eta erabakiaren berri emateko, Patxi Zabaletaren "lau lerroko" eskutitz bat jaso dutela azaldu dute. Hala ere, parlamentarioak izaten jarraituko dutela esan dute "ahotsik gabe, baina botoarekin".