Politika -
Auzitegi Gorena
Gizon bat zigortu dute Jimenez Becerrili Internetez mehatxu egitearren
Auzitegiarentzat frogatuta geratu da Joseba Andoni Ullibarri izan zela PPren eurodiputatua "umiliatu eta iraindu" zuena.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak berretsi egin du Auzitegi Nazionalak Teresa Jimenez Becerril PPren eurodiputatuari Internetez mehatxu egiteagatik Joseba Andoni Ullibarri Urracari jarri zion urte eta erdiko zigorra, eurodiputatua "umiliatu eta iraindu" izana leporatuta.
Auzitegi Gorenak atzera bota du Ullibarrik aurkeztutako helegitea. Akusatuak salatu zuen ez zegoela frogarik mezuak berak bidali zituela egiaztatzeko, ordenagailua beste pertsona batzuk ere erabiltzen zutelako, tartean bere bikotekideak, Jimenez Becerrilek mehatxuak salatu zituenean atxilotu zutenak.
Horren harira, Gorenak uste du argudio hori "ulergarria" dela "defentsa ikuspuntutik", baina "espekulazio hutsa da, inolako berrespenik gabea".
Hori horrela, neskalaguna izan zela pentsatzeko "inolako zantzurik ez" dagoela azpimarratu du Gorenak.
Mehatxuak
Orain Auzitegi Gorenak berretsi duen ebazpenaren arabera, frogatuta geratu da 2010eko ekinaren 29an akusatuak, etxeko ordenagailutik, Hala Bedi irratiari "Facebook profila erabili zuela" eta orduan intseminazio tratamendua jasotzen ari zen Nerea Bengoa presoaren inguruko informazioa bilatu zuela.
Hori horrela, azkenean eurodiputatuaren idatzi batekin egin zuen topo. Eurodiputatu popularra intseminazio tratamendua Andaluziako Administrazioak ordaindu behar izatearen kontra agertzen zen testu horretan.
Gero, Jiménez Becerrilen webgunean sartu zen eta "kaka kulo" ezizenarekin honako mezua idatzi zion, gazteleraz: "Ea zorte pixka batekin tiro bat jasotzen duzun betiko su-etenaren aurretik eta horrela zure lagunekin elkartzen zaren, urdanga hori… Musu bat".
Ebazpenaren arabera, mezua "umiliagarria eta iraingarria" da, eta akusatuaren jarrera "zitala" izan zen, biktima baten "mina handituz".
Era berean, ebazpenean desberdindu egiten da terrorismoa goratzeagatiko delitua eta biktimen umiliazioarena. Izan ere, lehenengoak mezuaren hedapena exijitzen du, eta bigarrenak ez.