Politika -
Politika fiskala
EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko dio EAJk eta PSE-EEk Batzar Nagusietan aurkeztu duten zerga erreformari
Bere aldetik, EAJk "heldutasun falta" egotzi dio EH Bilduri, eta gaineratu du alderdi jeltzalea "azken minutura arte" akordioa lortzeko "prest" egongo dela.
EITB Media
EH Bilduk gaur iragarri duenez, koalizioak osoko zuzenketa aurkeztu die hiru lurraldeetako Batzar Nagusietan EAJk eta PSE-EEk aurkeztu duten zerga erreformen proiektuei. Asteon bukatzen da, hain justu, egitasmoei zuzenketa aurkezteko epea.
Nerea Kortajarena EH Bilduren legebiltzarkide eta Programa idazkariak agerraldia egin du Donostian, koalizioak gai horri buruz duen jarrera azaltzeko. Argitu du osoko zuzenketaz gain, partzialak ere aurkeztuko dituztela, negoziatzeko borondateari muzin egin gabe.
Iazko urrian zerga sistema erreformatzeko akordioa lortu zuten jeltzaleek eta sozialistek. Bi taldeek gehiengo osoa dute Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta, hortaz, lurralde horretan, ez dute beste taldeen babesik behar. Gipuzkoan eta Araban, aldiz, bestelakoa da egoera, eta aldundietako koalizio gobernuek oposizioaren botoak behar dituzte proposamenak aurrera ateratzeko.
Ingurumari horretan, EH Bilduk EAJri eta PSE-EEri aurrekontu akordio global bat eta zerga sistemaren erreforma bat proposatu ziela gogora ekarri du Kortajarenak, baina biek alak biek atzera bota zuten, eta "beste bide bat" hautatu.
Salatu duenez, "erreforma sakon bat egin beharrean, azaleko doikuntza bat aurkeztu dute, ukitu fiskal soil bat, egiturazko arazoei heldu beharrean, egoera makillatzen duten kenkariak eskaintzera mugatzen dena, sakonetik konpondu gabe. Arau proposamen hau egungo egoera ekonomikoak eskatzen duen erreformatik oso urrun dago".
Besteak beste, honako proposamenak helarazi dituzte: PFEZn kapital-errentei ematen zaien "tratu pribilegiatua" ezabatzea eta lan-errenten tributaziora hurbiltzea, Kapital Errentetarako eskala berri bat sartzea, "Nafarroakoa bezalakoa, egungoa baino progresiboagoa eta euskal lurraldeen arteko dumping fiskala saihestuko lukeena", eta kenkariak aplikatzeko eredua aldatzea, Europako beste herrialde batzuen antzeko sistema bat hartuz. Horren gainean Kortajarenak azaldu duenez, gaur egun, laguntza asko (etxebizitza, ezgaitasuna, familia) errenta aitorpenean kenkari gisa ematen dira, eta horrek errenta baxuenak dituztenak kanpoan uzten ditu.
Hori horrela, beste behin negoziatzeko deia egin diete foru gobernuetan dauden bi alderdiei, azken hilabeteetako "inprobisazioa eta anbizio falta" zuzentzeari dagokionean. Izan ere, EH Bilduren aburuz, Euskadik izango dituen erronka eta eraldaketa handiei aurre egiteko ezinbestekoa da "zerga-eredu aurrerakoi eta berdinzale bat".
EAJk "heldutasun falta" egotzi dio
Testuinguru honetan, EAJren EBBk "heldutasun falta" egotzi dio EH Bilduri, eta gaineratu du alderdi jeltzalea "azken minutura arte" akordioa lortzeko "prest" egongo dela.
EBBtik gogorarazi dutenez, Imanol Pradales lehendakariak "ikusmira politikoa" eskatu die alderdiei, berrikuspen fiskalaren "edukiak" adosteko. Erea berean, baztertu egin du "alderdi batzuei" "osasun-hesia" jartzea.
"Ba Bilduk ez du ezta ordu bat ere behar izan gizarteari erakusteko ez dagoela egoerak eskatzen duen mailan, eta ez duela heldutasun politikorik akordio errealistari eta arduratsurik lortzeko, batik bat EAJrekin", nabarmendu dute.
EAJren esanetan, "txarrena da gazteek, pertsona zaurgarriek eta klase ertainek ordainduko dutela Bilduren heldutasun falta", gaineratu dute.