Politika -

Balizko zentsura mozioa

Barcinak Atarrabiako Bilduko alkatearen aurkako mozioa babestuko luke

UPNk herri horretako alkatearen aurkako zentsura mozioa aurkeztu nahi du azken horrek preso baten omenaldian parte hartu eta gero.

Yolanda Barcina UPNko presidentea. Argazkia: Efe
Yolanda Barcina UPNko presidentea
Yolanda Barcina UPNko presidentea. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Barcina Nafarroako Foru Erkidegoko eta UPNko presidenteak Atarrabiako Bilduko alkatearen aurkako zentsura mozio bat babestuko lukeela baieztatu du, alkateak preso baten omenezko ekitaldian parte hartu ostean. Beste aldetik, Maiorga Ramirez koalizio abertzaleko ordezkariaren arabera, horrelako portaerak Gobernuak dituen arazoak estaltzeko erabiltzen ari direla salatu du.

Bilduk bost zinegotzi, UPNk lau, Atarrabia Baik beste lau eta PSNk, NaBaik, IU-EBk eta alderdi gabeko pertsona batek ordezkari bana daukaten herrian, mozioa aurkezteko ideia kaleratu zuen atzo UPNk. Horretarako, Atarrabiako alderdi guztiekin, Bildurekin izan ezik, harremanetan jarriko zela iragarri zuen Nafarroako gobernuan dagoen alderdiak.

“Oso lotsagarria”

Parlamentuko osoko bilkurara heltzerakoan, Yolanda Barcinak kasu horri buruz hitz egin du, eta Bildu kargutik kentzeko akordioetara heltzeko “esperantza” duela azaldu du, “oso lotsagarria” iruditzen baitzaio edozein herriko ordezkari batek “hilketak egin dituzten ETAko presoen omenezko ekitaldietan parte hartu izana”.

“Hilketak egin dituzten pertsonen omenaldietan parte hartzen duen edonork ez dauka herri bateko ordezkari izateko duintasunik”, errepikatu du UPNk presidenteak. “Gure zinegotziak hiltzaileak omentzen dituzten edozein ordezkari bere lekutik kentzeko prest izango dira, bai Atarrabian eta baita edozein lekutan”, gaineratu du.

Arazoak estaltzeko estrategia

Gai horren inguruan ere mintzatu da Maiorga Ramírez parlamentuko Bilduko ordezkaria. Bere ustez, “porrot ekonomiko eta soziala estaltzeko erabili ohi den estrategia erabiltzen ari dira. Ez dira gai gizarte honi benetan arduratzen zaion egoera ekonomikoa hobetzeko, eta arazo hori edonola estali behar dute”.

"Aurrekontuak aurrera ateratzeko gai ez denean, UPNk herritarren ordezkari legitimoak direnen aurkako kriminalizazio prozesua jarri du martxan, eta kasu honetan Atarrabiako alkatea da biktima”, aipatu du Ramirezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea