Politika -
Presidente berria
Mari Mar Blancok Pagazaurtundua ordezkatuko du FVTko presidentetzan
Aldaketa egiteko proposamena erakundeetako patroiek eramango dute Fundazioko Patronatura, hau da, Barne, Hezkuntza, Presidentetza eta Ogasun idazkariordeek.
Erredakzioa
Terrorismoaren Biktimen Fundazioak (FVT) patronatuaren bilera deitu du asteartean Mari Mar Blanco presidente berria izendatzeko. Blancok Maite Pagazaurtunduaren lekua hartuko du, zabaldutako informazioaren arabera.
Aldaketa egiteko proposamena erakundeetako patroiek eramango dute Fundazioko Patronatura; Barne, Hezkuntza, Presidentetza eta Ogasun idazkariordeek, alegia.
Terrorismoaren Biktimen Estatutuei jarraituta, erakundeetako patroiak dira, hain zuzen, proposamen hori egiteko eskumena dutenak, presidentetzan egoteko denbora mugarik ez dagoelako.
Aurretik aipatutakoez gain, fundazioko patronatuan biktimen bestelako elkarte eta pertsona batzuk ere badaude: Miguel Angel Blancoren elkartea, Pilar Manjonen martxoaren 11ko atentatuetako biktimena, Natividad Rodriguez Fernando Buesaren alarguna, eta Gorka Landaburu kazetaria, besteak beste.
PP-PSOE itunak sortutakoa
Fundazioa irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta 2001 urtean sortu zen, PPk eta PSOEk terrorismoaren aurka sinatutako itunaren ondorioz. FVTaren helburu nagusia "balio demokratikoak bultzatzea eta zabaltzea eta giza eskubideen, pluralitatearen eta herritarren askatasuna defendatzea da".
Fundazioko Ohorezko presidentea Adolfo Suarez presidente ohia da.