Politika -
Bilera-sorta
Mintegi: 'Ez dugu aterik ixten; akordioetara iritsi behar da'
Laura Mintegik asteburuko atxiloketak kritikatu ditu eta "Espainiako Gobernuak ideiarik ere ez du bake prozesu bat zer den", gaineratu du.
Erredakzioa
Laura Mintegi EH Bildu koalizioko buruzagiak ez du Iñigo Urkullu lehendakari izatea eragotziko Radio Euskadiko elkarrizketa batean berretsi duenez. Jeltzaleek bihar hasiko duten bilera sortan, ez dutela aukerarik baztertzen ekarri du gogora, hau da, Gobernu ituna, legegintzaldikoa edo akordio zehatzak egin daitezkeela adierazi du. Horregatik, "ez dugu ezer baztertzen; akordioetara iritsi behar dugu, baina lehenago entzun egin beharko dugu", adierazi du.
"EAJk bakarrik gobernatu nahi izango duela uste dut, eta akordio zehatzak egingo dituela", adierazi du. "Bigarren indar gisa, Gobernuan ez banago, oposizioko liderra izan beharko dut", gaineratu du. Hala ere, "ez naiz ezeren aurkakoa izango. Gure jarrera elkarguneak bilatzearen aldekoa izango da beti".
Urkulluri babesa ematearen truke Gipuzkoako Aldundiari egonkortasuna ematea eskatuko ote duten ala ez galdetuta, "ez dakit ezer, eurek zer planteatuko duten jakin arte", zehaztu du eta denborak errespetatzeko eskaera egin du.
Independentziaz ere mintzatu da Mintegi eta "gauza ez da data, bilatzen den formula baizik", azpimarratu du. "Ez dut uste EAJk eta guk marrazten dugun argazkia berdina denik", adierazi du: "Legebiltzarreko bi herenek ez dute burujabetzea lortzeko formula bera, eta ez dut oso argi EAJren 2015erako politika zein den".
Bestalde, ezkerreko politikak egin behar direla aipatu du eta Legebiltzarretik at gelditu diren alderdiak aipatu ditu. "Arazo bat da. Nahiago dut alderdi guztiak egotea, are gehiago ezkerrekoak badira":
Lesakaren eta Iturbideren atxiloketa
Azkenik, Mintegi asteburuko atxiloketez mintzatu da, eta "ezin dut errepresio politika txalotu" azpimarratu du. Kolonbiako egoerarekin alderatu du, eta, horren harira, "Kolonbian, Gobernua eta FARC hitz egiten ari dira", gaineratu du, "Espainiako Gobernuak ideiarik ere ez du bake prozesu bat zer den. Jarduera armatua behin betiko amaitu zela iragarri zuena atxilotu dute, hain justu; hori ez da bidea", ondorioztatu du.