Politika -
Erreforma fiskala
Elkarrekin Podemoseko oinarriak EAJk eta PSE-EEk erreforma fiskalaz egindako proposamena bozkatzen ari dira
Koalizio moreko iturriek EITBri baieztatu diotenez, kontsulta loteslea da. Afiliatuek igande gauera arte eman dezakete botoa, eta Jaurlaritzako alderdien proposamena edo agiria nahikoa dela uste badute, Elkarrekin alderdiak baiezkoa emango dio erreforma fiskalari.
EITB Media
Elkarrekin Podemos barne-kontsulta egiten ari da asteburu honetan EAJren eta PSE-EEren partetik erreforma fiskalaren inguruan jaso dituzten azken kontraproposamenen inguruan.
Kontsulta loteslea da, oinarriek igande gauera arte eman dezakete botoa, eta Jaurlaritzako alderdien aldetik jasotako proposamena edo dokumentua nahikoa dela uste badute, Elkarrekin Podemosek baiezkoa emango dio erreforma fiskalari. Bozketaren emaitza astelehenean jakinaraziko da.
Richar Vaquero Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusi eta Bizkaiko batzarkideak larunbat honetan adierazi duenez, datorren astean itxiko dute EAJrekin eta PSE-EErekin akordio fiskala, militanteek asteburuan egingo duten kontsultan mahai gainean dagoen dokumentua ontzat joz gero. Oinarriek sozialistekin eta jeltzaleekin itunak egiteari uko egiten badiote, berriz, hortxe amaituko da negoziazio prozesua.
Oposizioko talderen bat konbentzitzeko asmoz, EAJk eta PSE-EEk erreforma fiskalerako eurek egindako proiektuari zuzenketak aurkeztu dizkiote Batzar Nagusietan; besteak beste, 19.000 eurotik 20.000 eurora igo dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan ordaintzetik salbuetsita egongo den kopurua. Oraingoz Elkarrekin Podemosek bakarrik onartu du negoziazioak "bide onetik" doazela.
Vaqueroren esanetan, EAJren eta PSE-EEren kontraproposamenak ez dira "guztiz gustukoak" Podemos Euskadirentzat. Nolanahi ere, azpimarratu duenez, hasieratik jakina zen ez zela "ohiko erreforma bat", lehendik zegoenaren birmoldatze edo egokitzapen bat baizik.
Ildo horretan, alderdiarentzat oinarrizko diren lau helburuak gogorarazi ditu: "errenta baxuenei laguntzea, etxebizitza eskuratzeko aukerak hobetzea, BGAEen aurrean pentsio publikoak indartzea eta aberastasuna banatu eta diru-bilketaren galera berreskuratzea".
"Guk egiten ditugun proposamenekin, gauza horietako asko lortuko genituzke; gutxienez, hobetu egingo genituzke oraingo egoerarekin alderatuz. Horregatik, hamar bat urteko eperako izan behar den egiturazko erreforma bat garratzitsua iruditzen zaigu, eta, beraz, oinarriei galdetu beharreko zerbait".
Euskadiko alderdi morearen liderraren hitzetan, negoziazio-prozesuan bi aldeek eman behar dute pixka bat, eta, beraz, onartzen du ez dutela eskatu duten guztia lortuko, baina "benetan aldaketa esanguratsurik badago eta aberastasuna birbanatzen bada, sistema bidezkoagoa eta ekitatiboagoa izateko, orduan horren alde egiten saiatu beharko genuke".