Politika -

Elkarrizketa

PSOEk 'nahasmen egoera' bizi duela onartu du Pastorrek

PSE-EEren bozeramaileak jeltzaleekin izandako bilera eta alderdiak bizi duen egoera baloratu ditu.

Jose Antonio Pastor Radio Euskadin. EITB
Jose Antonio Pastor Radio Euskadin. EITB
PSEren berritze prozesua era ordenatuan egingo dutela esan du Pastorrek

01:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Pastorrek alderdiaren egoera aztertu du Radio Euskadin eta "PSOEn nahasmen egoera" bizi dutela onartu du. "Gertatzen zaiguna onartu eta irtenbidea bilatu behar dugu. Helburua herritarrentzat erabilgarriak bilakatzea da", adierazi du.

Barne berrikuntza prozesua urtarrilean egingo duten biltzarrean amaituko dela berretsi du atzo Patxi Lopezek adierazi zuen moduan.

"Agian ez dugu jendearekin bat egin", esan du hauteskunde emaitzei aipamena eginda. "Azkarrago erreakzionatu behar genuen, eta orain, hauteskunderik gabeko bi urte ditugu aurretik lan hori egiteko".

Berrikuntza prozesu horrek Patxi Lopezi ez diola eragingo uste du, eta jarduneko lehendakariaren etorkizunaz mintzatu da. Ildo honetan, Lopezek argi utzi du bere apustua Euskadi dela, Pastorren ustez, baina "zenbat denboraz ez daki inork, ez berak, ezta guk ere; zehaztuz joango gara", gaineratu du

Bestetik, Araban "alderdikideen artean desadostasunak" daudela onartu du eta irizpideetan desadostasunak egotea normala dela uste du, hala ere, "biltzarrean dena konpondu ahal izango" dutela gaineratu du.

Estatu ereduaren inguruan galdetuta, PSE-EEren bozeramaileak "autogobernuak aukera izugarriak" ematen dituela uste du. "Gernikako estatutuak tarte handia ematen digu. Autogobernua gehiago sakondu daiteke eta hori denen artean eztabaidatzeko prest gaude", esan du.

Horren harira, Kataluniako auzia aipatu du. "Katalunian edozein erara dena posiblea dela helarazi nahi dute, eta ez da egia", azpimarratu du. "Ahalik eta adostasun handienak lortzea beharrezkoa da".

EAJrekin bilera

Bestalde, EAJrekin bildu ostean, "akordio handietara" iristea espero dutela berretsi du, baina ez du argitu jeltzaleekin koalizio gobernu bat osatuko duten ala ez. "PSE-EE EAJrekin gobernuan sartzen bada, gizarteari egonkortasun irudia interesatzen zaiola pentsatzen dugulako izango da", adierazi du.

"Atzo proposamen orokorrak besterik ez ziren egin, eta pozik nago zerga politikaz hitz egin nahi dutelako, hori izan baita PSE-EEren asmoa eta EAJk orain arte ez zuen horretan sartu nahi".

"Gaur egun, oposizioko alderdia gara", azpimarratu du eta EAJk ez duela koalizio proposamenik egin onartu du. "Alor askotan akordioak egongo dira, elkarbizitzan eta bakean esaterako, horretan adostasunak lortu behar direlako", adierazi du, baina beste batzuetan desadostasunak egongo direla uste du, "zerga alorrean eta gai ekonomikoetan".

Azkenik, EH Bildurekin "ezkerreko ardatza" eratzeko aukeraren inguruan mintzatu da eta Gipuzkoan zerga gaietan adostasunetara iritsi direla ekarri du gogora. EAJren eta PPren "eskuineko ardatzaren" aurrean, ezker abertzalearekin "gauza askok aldentzen gaituzten arren, arlo ekonomikoan adostasunak daude".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea