Politika -
Ines del Rio auziaren ostean
Konstituzionalak ez du onartu Raul Ibañez ETAko presoaren helegitea
Presoak ‘Parot doktrina’ren kontra aurkeztu zuen helegitea, 2021era arte luzatu baitiote kartzelaldia; 1991ean atxilotu zuten eta 2010ean aske geratu behar zen.
Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionalak ez du aintzat hartu Raul Ibañez Diez ETAko presoak ‘Parot doktrina’ren kontra aurkeztutako helegitea. Presoak, hortaz, 2021eko abuztuaren 25era arte egon beharko du kartzelatuta.
Ertzaintzak atxilotu zuen presoa 1991ean ‘Bizkaia komandoa’ri lotutako talde batn kide izateagatik; 65 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, baina Auzitegi Nazionalak zigorrak batzea onartu zuen, eta gehienez 30 urteko zigorra jaso zezakeela ebatzi zuen.
Presoa 2010eko urriaren 8an egon behar zen kalean, baina ‘Parot doktrina’ ezarri eta 2021eko abuztuaren 25era arte luzatu zioten zigorra.
Presoak errekurtsoa aurkeztu zuen, ‘Parot doktrina’ aplikatuta aurreko epaietan ebatzitakoa zeharo aldatzen zuelako. Ibañezen arabera, bere auzia Ines del Rioren berdina zen. Estrasburgoko Auzitegiaren iritziz, Ines del Rioren auziaren inguruan, Espainiak Giza Eskubideen Itun Europarraren 7. Artikulua urratu zuen. Artikuluaren arabera, inork ezin du delitua egitean indarrean dagoen zigorrik gogorrena baino zigor gogorragorik jaso.