Politika -

Erreforma fiskala

Gaur argituko du Elkarrekin Podemosek EAJk eta PSE-EEk egindako kontraproposamen fiskala onartuko duen edo ez

Richar Vaquero Podemos Euskadiren koordinatzaile nagusi eta Bizkaiko batzarkideak larunbatean adierazi zuenez, aste honetan itxi dezakete EAJrekin eta PSE-EErekin akordio fiskala, militanteek kontsultan dokumentua ontzat joz gero.

Richar Vaquero Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusia, artxiboko irudi batean.
Richar Vaquero Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusia, artxiboko irudi batean.
Richar Vaquero Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusia, artxiboko irudi batean.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetan argituko du Elkarrekin Podemosek EAJk eta PSE-EEk zerga-erreformari egindako azken kontraproposamenean jasotako neurriak onartuko dituzten edo ez. Asteburuan barne-kontsulta egin du alderdi moreak, militanteak gairi buruz duten iritzia jakiteko. Bozketa loteslea da, eta jeltzaleek eta sozialistek egindako azken proposamena babesten bada, Elkarrekin Podemosek baiezkoa emango dio erreforma fiskalari.

Richar Vaquero Podemos Euskadiren koordinatzaile nagusi eta Bizkaiko batzarkideak larunbatean adierazi zuenez, aste honetan itxi dezakete EAJrekin eta PSE-EErekin akordio fiskala, militanteek kontsultan dokumentua ontzat joz gero. Oinarriek sozialistekin eta jeltzaleekin itunak egiteari uko egiten badiote, berriz, hortxe amaituko da negoziazio-prozesua. 

Oposizioko talderen bat konbentzitzeko asmoz, EAJk eta PSE-EEk erreforma fiskalerako eurek egindako proiektuari zuzenketak aurkeztu zizkioten Batzar Nagusietan; besteak beste, 19.000 eurotik 20.000 eurora igo dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga ordaintzetik salbuetsita egoteko kopurua. Oraingoz, Elkarrekin Podemosek bakarrik onartu du negoziazioak "bide onetik" doazela.

Vaqueroren esanetan, EAJren eta PSE-EEren kontraproposamenak ez zaizkie "guztiz gustatzen" Podemos Euskadiri. Nolanahi ere, azpimarratu zuenez, hasieratik jakina zen ez zela "ohiko erreforma bat", lehendik zegoenaren birmoldatze edo egokitzapen bat baizik.

Ildo horretan, alderdiarentzat oinarrizko diren lau helburuak gogorarazi zituen: "errenta baxuenei laguntzea, etxebizitza eskuratzeko aukerak hobetzea, BGAEen aurrean pentsio publikoak indartzea eta aberastasuna banatu eta diru-bilketaren galera berreskuratzea".

"Guk egiten ditugun proposamenekin, gauza horietako asko lortuko genituzke; gutxienez, hobetu egingo genituzke oraingo egoerarekin alderatuz. Horregatik, hamar bat urteko eperako izan behar den egiturazko erreforma bat garratzitsua iruditzen zaigu, eta, beraz, oinarriei galdetu beharko zaie". 

Euskadiko alderdi morearen liderraren hitzetan, negoziazio-prozesuan bi aldeek eman behar dute pixka bat, eta, beraz, onartu zuen ez dutela eskatu duten guztia lortuko, baina "benetan aldaketa esanguratsurik badago eta aberastasuna birbanatzen bada, sistema bidezkoagoa eta ekitatiboagoa izateko, orduan horren alde egiten saiatu beharko genuke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Zerga politika